'Loiolako hegiak' Katalunian azaltzen

Berria.info 2010ko urr. 7a, 10:10

Imanol Murua Uria kazetaria Katalunian dago, Loiolako hegiak liburua azaltzen

Gaur Josep Lluis Carod Rovira Generalitateko presidenteordeak bere bulegoan hartuko du, elkarrekin gosaltzeko

Imanol Murua Uria kazetaria (Zarautz, 1966) Katalunian dago atzotik, Loiolako hegiak liburua azaltzen. Goizean TV3 Kataluniako telebista publikoan elkarrizketa egin zioten, Els matins saio entzutetsuan. Martxelo Otamendi 'Berria'-ko zuzendaria ere izan zen programan, eta biek Euskal Herriko egoera politikoa ere aztertu zuten. Murua Uriak atzo, asteazkena, hedabideekin beste bost elkarrizketa izan zituen, eta 19:00etan Kazetarien Kolegioan hitzaldia eman zuen, Bartzelonan -Otamendi ere ariko da-.

Gaur, Josep Lluis Carod Rovira Generalitateko presidenteordeak bere bulegoan hartuko du Loiolako hegiak-en egilea, Bartzelonan, elkarrekin gosaltzeko. 12:00etan, berriz, Unibertsitate Autonomoan ariko da, Bartzelonan bertan, eta gutxienez beste bi elkarrizketa izango ditu komunikabideekin.

2006ko elkarrizketa politikoen berri

Batik bat, 2006ko udazkenean Azpeitiko Loiola auzoan PSE-EE, Batasuna eta EAJren artean izandako negoziazio politikoak jasotzen dira liburuan. PSE-EEtik Rodolfo Ares sozialisten orduko antolakuntza idazkaria eta Jesus Egiguren presidentea -behin horren partez Jose Antonio Pastor- izan ziren Loiolako mahaian. Batasunetik: Rufi Etxeberria, Arnaldo Otegi Mahai Nazionaleko orduko bozeramailea eta Olatz Dañobeitia -honen ordez Arantza Santesteban gero-. EAJtik: Josu Jon Imaz Euzkadi Buru Batzarreko orduko presidentea eta Iñigo Urkullu garaiko Bizkaiko Buru Batzarreko lehendakaria. Murua Uriak liburuan Urkullu, Egiguren eta Otegirekin egindako elkarrizketetako adierazpenak ere jasotzen ditu.

PSE, Batasuna eta EAJk hamabi bilera sekretu egin zituzten Loiolan irailaren 20tik azaroaren 15era artean, Arrupe Etxean. Helburua: euskal gatazka politikoa konponbidean jartzea. Loiolan bost korapilo askatu behar zituzten: nazio izaera, erabakitzeko eskubidea, aitortu beharreko beste eskubideak, lurraldetasuna eta akordioa gauzatzeko prozedura. Akordioa lortzear izan ziren.

Kazetariak aurtengo martxoaren 10ean aurkeztu zuen Loiolako hegiak (argitaletxeak: Elkar eta BERRIA. Liburua erosteko hemen). Uztailean aurkeztu zuen gaztelerazko bertsioa (Ttarttalo).