Udal liburutegia handitzeko erabiliko dute Enparan dorretxeko aretoa

Urola Kostako Hitza 2010ko urr. 7a, 10:10

Elbarrien komunak eta aldapak egingo dituzte, baina lanek iraun bitartean zabalik izango da liburutegia

Bestalde, haurrentzako eta helduentzako 36 DVD utzi ditu guztira Zine Klubak herritarrek mailega ditzaten

Enparan dorretxean birmoldaketa lanak hasi dituzte udal liburutegiko azpiegiturak handitzeko. Lehen solairuko aretoari helduentzako liburutegi eta ikasgela erabilera emango diote, beheko gunea haurrentzako eta gazteentzako utziz. Hori izango da berrikuntza nabarmenena.

Lanak urte amaierarako bukatzea espero dute eta, eraikina Kutxaren izanik, hark finantzatuko ditu lanak. Guztira, 155.000 euro inguruko aurrekontua izango du.

Liburutegiko eta Udaleko arduradunek adierazi dutenez, hasiera batean behintzat, lanek iraun bitartean betiko ordutegian zabalik izango da liburutegia.

Birmoldaketa lanekin batera, argiaren, berogailuen eta uraren instalazioak ere berritu egingo dituzte.

Guneak definituago

Lanak amaituta, liburutegiaren antolamendua aldatuko da. Beheko solairuan egongo da harrera, orain arte bezala. Era berean, txikienentzako txokoa sarreratik eskuinera dagoen gelan egongo da oraindik. Bertan bi gune bereiztuko dituzte: 0 eta 4 urte bitartekoena eta 4 eta 7 urte bitartekoena.

Ezkerrera dagoen gela gazteentzako ikasgela izango da. Bertan, apalez eta mahaiez gain, ordenagailu finkoak egongo dira eta ordenagailu eramangarriak konektatzeko aukera ere izango dute. Bestalde, orain arte gela honetan zegoen multimedia txokoa edo mediateka beheko solairuko hirugarren gelara eramango dute.

Hirugarren gela horretara aldatuko dute, gainera, orain arte sarreran egon den hemeroteka eta prentsa txokoa ere. Modu horretan gune eta zerbitzu bakoitzarentzat leku gehiago izango da, erabilera erosoagoa eginez.

Aretoan helduentzako gunea

Lanen helburua udal liburutegiak zuen leku faltari irtenbidea ematea da. Hori dela eta, goiko aretoa ere liburutegiaren erabilerarako izango da aurrerantzean. Bertan, helduentzako ikasgela egokituko dute. Liburuentzako apalez gain, ikasteko mahaiak ipiniko dituzte eta, gazteen txokoan bezala, ordenagailu finkoak egongo dira, baita eramangarriak konektatzeko modua ere. Liburuzaina egongo da, gainera, lehen solairu horretan.

Goiko eskailera-buruan kafe-gunea ipiniko dute. Kafe makinak eta mahai eta besaulkiek osatuko dute hori. KZ Gunea toki berean egongo da. Orain arteko gelak ere mantenduko dira: ikasketa gela, taldeentzako bilera-gela eta KZ Gunearen formazio gela.

Irisgarritasuna bermatzea

Lanen baitan, elbarrientzako irisgarritasuna bermatzeko neurriak hartuko dituzte. Horretarako, beheko solairuko ezkerreko gelara sartzeko dauden eskailerak kendu eta aldapak egingo dituzte.

Bestalde, elbarrientzako bi komun egokituko dituzte bigarren eta azken solairuan.

Zine Klubaren filmak

Ohitura bihurtu den eran, Ta3 Azpeitiko Zine Klubak udal liburutegira eraman ditu iaz eskaini zituen filmeen DVDak.

Haurrentzako eta helduentzako 36 DVD utzi ditu guztira Zine Klubak herritarrek mailega ditzaten. Film horien artean daude Kimuak programako hainbat film labur ere.