70 adineko pertsonek suteen prebentziorako zerbitzua jasoko dute laster etxean

Uztarria.eus 2010ko urr. 5a, 14:10
La Caixako Azpeitiko bulegoko zuzendari Unai Darrech, Gizartekintzako zinegotzi Ana Mendizabal eta alarmen enpresako kide Jon Ensunza

.84 urtetik gorako 70 pertsonek izango dute suteen detektagailua etxean

La Caixak eta Azpeitiko Udalak lortutako akordioari esker jarriko dute programa hau abian

Datorren astean hasi eta hilabete eta erdiren bueltan, Azpeitiko 70 adineko pertsonek suteen prebentziorako detektagailua izango dute etxean. La Caixa eta Azpeitiko Udalaren arteko akordioari esker izango dute zerbitzu hau 84 urtetik gorako 70 herritarrek. La Caixako Gizarte Ekintzak finantzatuko du proiektua. La Caixak Azpeitian duen bulegoko zuzendari Unai Darrechek jakinarazi duenez, "atsegina da Udalak eta La Caixak sute prebentziorako proiektu hau aurrera ateratzea".

Detektagailua jartzen duten enpresako kide Jon Ensunzak jakinarazi duenez, "hiru fase ditu dektektagailua jartzeko prozesuak". Lehenengo, sute arriskurik baden ala ez begiratuko dute etxeetan. Arriskurik balego, kasu batzuetan, enpresa berak zuzenduko ditu akatsak. Horretaz gain, segurtasunerako gida bat utzi eta sutearen aurrean nola jokatu ahoz azalduko zaie etxejabeei.

Bigarren fasean etxean suaren kontrako detektagailua jarriko da. Detektagailu honekin alerta denbora murriztu egiten da. Izan ere, duen soinuarekin etxean dagoen pertsona edo inguruko etxeetakoak suteaz ohartuko dira.

Hirugarren eta azken fasean, zerbitzua jasotzen duen pertsonaren eta auzokideen etxean eraikuntza trabarik baden edo ez begiratuko dute. Horrela, suhiltzaileek sarrera-irteerak nolakoak diren jakingo dute, eta horrek sorospenean lagunduko diete. Etxeen planoak Udaltzaingoak izango ditu eta horiek, hala behar izanez gero, suhiltzaileei emango dizkiete.

Detektagailua jartzeak ez du obrarik eskatzen, eta bateria batekin funtzionatzen du. Bateria hori enpresakoek urtean behin aldatuko dute, eta baita detektagailuaren pantaila garbitu ere.

Pertsonaren egoeraren eta etxearen osaketaren arabera leku estrategiko batean edo bestean jarriko da suteen prebentziorako aparatua. Aparatu horrek lehenengo ke partikula antzematean ateratzen du soinua eta bere kabuz itzaltzen da kea desagertutakoan.

Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Ana Mendizabalek "oso programa interesgarria" dela jakinarazi du.