Azpeitiarren argazkiak Gipuzkoako Mendizale Federazioaren egutegi berrirako

Uztarria.eus 2010ko urr. 5a, 11:10

Juan Joxe Agirreren eta Jose Luis Lopetegiren lan bana aukeratu ditu federazioak urteroko lehiaketan

Egutegiak nagusiki mendizale elkarteen artean banatzen ditu federazioak

Argazkiak ikusteko egin klik hemen

Gipuzkoako Mendizale Federazioak laster argitaratuko du 2011rako bere egutegia. Egutegi hori hornituko duten irudiak aukeratzeko, urtero ohi duen bezala, argazki lehiaketa antolatu du aurten ere mendizaleen federazioak. Hamabi irudi aukeratzen ditu egutegirako eta beste horrenbeste dira banatzen dituen sariak, eta horietako bi Azpeitia aldera etorri dira aurten. Hain zuzen ere, Juan Joxe Agirreren eta Jose Luis Lopetegiren lan bana aukeratu ditu federazioak urteroko lehiaketan.

Gipuzkoako Mendizale Federazioaren datorren urteko egutegian Azpeitiko argazkilariek ateratako bi argazki ikus ahal izango dira, beraz. Juan Joxe Agirrerena Nafarroan ateratakoa da –han bizi da gaur egun-: Azkona izeneko herria ikus daiteke irudian, tontorrean, behe-lainoz inguratuta. Behe-lainoa da, era berean, Jose Luis Lopetegiri saritu dioten argazkiaren osagarrietako bat: Lopetegiren argazkia Ibaiederreko urtegian aterata dago, udazken sasoian.

Egutegiaren hainbat alerekin batera, saritutako hamabi argazkien egileek 200 euro jasoko dute, Gipuzkoako Mendizale Federazioaren lehiaketa honetan. Juan Joxe Agirrerentzat aurtengoa ez da lehen saria; lehendik ere aurkeztu izan da lehiaketara, eta bere lan batzuk agertu izan dira mendizaleen egutegietan. Jose Luis Lopetegik, aldiz, aurten hartu du parte lehen aldiz.

Egutegiak nagusiki mendizale elkarteen artean banatzen ditu federazioak.

Saritutako argazkiak ikusteko egin klik hemen