Bai Euskarari Ziurtagiriaren aldeko kanpaina hasiko dute

Urola Kostako Hitza 2010ko urr. 5a, 10:10

Ziurtagiria ez duten 200 entitate inguru bistitatuko dituz teknikari batek hilabete honetan eta azaroan

Azpeitian 36 entitatek dute Bai Euskarari Ziurtagiria

Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartea Azpeitiko Udal Euskara Patronatuarekin elkarlanean, Bai Euskarari Ziurtagiriari "bultzada" emateko asmoarekin, kanpaina berria jarri du abian. Kanpaina hilabete honetan bertan eta azaroan egingo dute.

Horretarako, elkarteak teknikari bat jarriko du lanean, eta hark herrian Bai Euskarari ziurtagiria ez duten berrehun entitate inguru bisitatuko ditu.

Bai Euskarari Ziurtagiria zabaltzea eta haren presentzia areagotzea du helburu herrian martxan jarriko duten kanpaina berriak. Hori hala, teknikariak entitateak bisitatu eta gero, ziurtagiriak banatzeko ekitaldia egingo dute, ziurtagiria duten entitateekin "bat eginez".

36 entitate ziurtagiriarekin

Bai Euskarari elkarteak kudeatuko du egitasmoa, eta Azpeitiko Udal Euskara Patronatuak diruz lagunduko du. Kanpaina berriaren arduradunek esan dutenez, 2.000 euro bideratuko ditu proiektura, baina ziurtagiriaren hedapenak berak "kostu gehiago" izango du.

Azpeitian 36 entitatek dute Bai Euskarari Ziurtagiria. Kasu horietan, elkarteak entitate horien "balorazio lanak" hasi ditu Ziurtagiria berritu ahal izateko. Ordezkarien arabera, Azpeitian Bai Euskarari ziurtagiria duten hemeretzi entitatek Zerbitzua euskaraz maila dute; hamarrek, Zerbitzua eta lana euskaraz maila, eta seik Bidean maila.

Hamar urteko ibilbidea

Euskal Herri osoan 1.550 enpresak, saltokik eta entitatek dute Bai Euskarari Ziurtagiria. elkartearen arabera. Hala, guztira 40.000 lagun ari dira Ziurtagiriaren eraginpean lanean. Bai Euskarari Elkarteak "arlo sozio-ekonomikoa euskalduntzeko" proiektu estrategikoa dela nabarmendu du; "profesionala, independentea, gertukoa eta euskararen normalizazioa helburu du".

Bai Euskarari Ziurtagiria orain dela hamar urte sortu zuten. "Ibilbide luzea eta oparoa egin du. Ibilbide horretan, orain dela hiru urte urrats garrantzitsua egin zuen Ziurtagiriak. Zazpi urteren buruan lortu zuen arrakasta ikusita, 2007an Ziurtagiriaren Elkartea sortu zen", adierazi du Ziurtagiriaren Elkarteak.