Aimar Irigoien: "Lau hilabete eta erdian zortzi txapel jantzi ditut eta neke hori antzeman egiten da"

Urola Kostako Hitza | Kirolak
2010ko urr. 5a, 08:10

Harri txikietako txapela jantzi du Aimar Irigoien harri-jasotzaileak

Herenegun harri txikien Euskadiko txapela lortu duelako gustura dago, baina lehia "justu samar" bukatu zuela dio

Herenegun jokatu zuten Nafarroako Aniz herrian harri txikietako Euskadiko Harri-jasotze Txapelketa. Hiru harri-jasotzailek bakarrik hartu zuten parte lehian. Garaipena, laugarren urtez segidan, Aimar Irigoien errezildarrarentzako izan zen. Guztira 12.500 kilo leporatuta lortu zuen txapela Irigoienek. Haren atzetik bigarren Joseba Ostolaza zestoarrak egin zuen, 11.900 kilo altxatuta. Hirugarrena Odei Iruretagoiena Izeta IV.a zarauztarra izan zen, 10.725 kilo jasota.

  1. urteaz geroztik ohi bezala lau harrirekin jardun zuten lanean hiru harri-jasotzaileek: 125 kiloko koadroarekin, 125 kiloko zilindro-koparekin, 112,5 kiloko kuboarekin eta 100 kiloko bolarekin. Harri bakoitzarekin hiruna minutuko txandak egin zituzten.

600 kiloko aldea bigarrenari

  1. altxalditan jaso zituen 12.500 kilo errezildarrak: 125 kiloko koadroa 32 aldiz jaso zuen, 125 kilokoa 31 aldiz, kuboa 18 aldiz eta bola 26 aldiz. Hala, 600 kiloko aldea atera zion Ostolazari. Honek, kuboari errezildarrak baino bi altxaldi gehiago eman zizkion, baina beste hiru harrietan jasoaldi gutxiago egin zituen.

Iazko marka ondu gabe

Irigoienek herenegun harri txikietako txapela lortu zuen, baina iaz jarritako marka ontzerik ez zuen lortu. Iaz eta orain bi urte baino kilo gutxiago jaso zituen errezildarrak: iaz 13.362,5 kilo bizkarretaratu zituen, 115 jasoaldirekin; eta, orain dela bi urte 13.262,5 kilo altxatu zituen, 114 jasoaldirekin.

Euskadiko Harri-jasotze Txapelketan harri-jasotzaile gutxi aritu da lehian aurtengo honetan; hiru besterik ez. Azken urteetako harri txikien txapelketei begiratuz gero, iaz zazpik hartu zuten parte; orain bi urte sei harri-jasotzaile aritu ziren lehian eta, orain hiru urte, zortzi.

Irigoienen aurretik Ostolaza

Azken lau urteotan Aimar Irigoien errezildarra izan da harri txikietako txapelaren jabe egin dena. Honen aurretik, 2006an Joseba Ostolazak lortu zuen harri txikietako txapela, 12.287,5 kilo jasota (105 jasoaldi).

Uda asko luzatu zaiola dio Aimar Irigoien (Errezil, 1986) harri-jasotzaileak, eta udako erakustaldien sasoiaren ondorioz nekatuta dagoela dio. Eta, hala ere, herenegun harri txikien Euskadiko Harri-jasotze Txapelketa bereganatu zuen Nafarroan. Baina, segi egin behar. Herenegun arratsaldean txapelketa jokatu bazuen ere, atzo goizean lanerako jaiki behar izan zuen Irigoienek eta arratsaldean, berriz, Urduñan erakustaldia egin zuen. Orain, erakustaldiez gainera aurrez aurre harri handien Euskadiko Txapelketa jokatuko du, azaroaren 14an.

Nola baloratzen duzu herenegungo Euskadiko Harri-jasotze Txapelketan egindako lana?

Ondo, irabazi egin nuelako, baina txapelketa oso nekatuta eta justu samar bukatu nuen. Lau harri dira txapelketan, eta parte-hartzea ere nahikoa eskasa izan da. Hiru bakarrik ginen eta lan bat bukatu eta bestearekin hasi behar zen, hamabi minutu bakarrik genituen atseden hartzeko. Gainera, uda luze doa, eta nahikoa errekuperazio denbora motzarekin ari naiz. Lau hilabete eta erdi daramatzagu, eta zortzigarren txapela jaso dut. Horregatik, nerbioak ukitu samar jardun nuen. Aspaldian lana dela-eta prestakuntza aldetik ere ez nengoen punttu-punttuan. Gero, nekearekin gorputza pixka bat itzaltzen joaten da, eta txispa falta antzeman egiten da.

Orduan, herenegun lortutakoa aurtengo zortzigarren txapela izan da.

Bai, lau hilabete eta erdian zortzi jantzi ditut.

Zeuk zeure marka hautsi duzu orduan, ezta hala?

Bai, bai. Zortzi txapel janztea lortu dudan aurreneko urtea dut hau. Baina hori gero antzeman egiten da, joandako guztietan egin edo lortu nahi izaten dugu, eta gorputza ez da makina.

Herenegun txapela jantzi arren, atzo ez zenuen atsedenik hartu, ezta?

Ez, ez. Hurrengo egunean lanera, hemen lanik egin gabe ez dago ezer. Eguraldi txarra egiten badu geldi egon beharra izaten dugu, baina bestela neure kontura jarduten dut lanean, eta segi egin behar.

Harri-jasotzaileontzat oporrik ez dago orduan...

Beno, abuztuan astebete bat egon nintzen oporretan Eivissan (Herrialde Katalanak) eta orain Gabonen bueltan hartuko ditut egun batzuk, geuk geure kontura jarduten dugu-eta.

Orain azaroan harri handietako Euskadiko Harri-jasotze Txapelketa jokatuko duzu. Nola prestatuko zara?

Orain arteko erakustaldietan harri txikiekin ibili naiz, harri txikietako txapelketa prestatzeko. Hemendik aurrera, berriz, erakustaldietan harri handiak erabiliko ditut. Aurretik zer txapelketa dugun kontutan izan eta erakustaldietan mota horretako harriak erabiltzen ditugu. Era horretan, pixka bat prestatu egiten dugu aurretik dugun txapelketa.

Harri handietan nortzuk jardungo duzue lehian?

Uste dut lau harri-jasotzaile gaudela izena emanda: Ostolaza, Urtzi Telleria, Unai Lertxundi eta neu.

Zeinek parte hartuko duten jakinda, nola ikusten duzu harri handien txapela janzteko aukera?

Nik uste dut lan bat egin beharra izango dugula, Ostolaza ere hor dago eta hor ere lan txukuna egin beharra egongo da. Ea pasa den igandean baino hobeto gauden eta pixka bat freskatzen naizen.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu