Iaz izandako "arrakasta" medio, bigarrenez antolatu dute Garagardo Azoka

Uztarria.eus 2010ko urr. 1a, 18:10
Amiano, Urbistondo eta Etxaniz II. Garagardo Azokaren aurkezpenean, gaur udaletxe azpian.

Urriak 7 eta 11 arteko asteburuan izango da

Hamar garagardo desberdin dastatu ahalko dira, eta azoka plazako giroa alaitzeko egunero musika emanaldiren bat izango da

Garai honetan izaten da Munichen (Alemania), Bavariako hiriburuan, mundu osoan ezaguna den Oktoberfest garagardo festa handia. 200 urteko ibilbidea du jada azoka honek eta urtero sei milioi bisitari inguru izaten ditu. Alemaniako jaialdi erraldoiaren urrutiko oihartzun bezala, era xumean egingo da II. Garagardo Azoka, urriaren 7tik 11ra. Bertan Merkatari Elkarteak eat Iraurgi Saskibaloi Taldeak antolatu dute festa Udalaren laguntzarekin.

Bertan Merkatari Elkarteko teknikari IƱigo Amianoren esanetan, iaz "arrakasta handia" izan zuen azokak, kalean ere "giro ederra" egon zen eta "esperantza horrekin" egingo dute aurtengoa ere. "Herritar guztiei azokara etorri eta gozatzeko deia egiten diegu". Industria eta Merkataritza Saileko zinegotzi Joxe Urbistondok adierazi duenez "ondo jan, ondo pasatu eta zubia Azpeitian pasatzeko aparteko aukera da".

Hamar zerbeza mota

Alemania, Irlanda, Herbehereak, Belgika eta Australiako hamar zerbeza mota dastatu ahal izango, iaz baino zerbeza mota bat gehiago: Paulaner tostatua izango da aurtengo nobedadea. Edanari laguntzeko jatekoa ere izango da, garagardo azoketan ohiko izaten diren bi saltxitxa mota eta txerri-ukondoa.

Egunero, musika emanaldia

Iraurgi Saskibaloi Taldeko kide Jose Migel Etxanizek adierazi duenez, iaz bezala agertoki bat ere prestatuko dute giroa alaitzeko. "Joan zen urtean, ordea, egun bakar batean izan zen musika emanaldia, eta aurten egunero izango da". Ia 600 lagunentzako eserlekuak egongo direla eman du jakitera eta azokaren ordutegia ostegunetik igandera 20:30etatik goizeko 02:00ak artekoa izango da. Astelehenean, hilaren 11n, Mus Txapelketa denez, 15:30etan irekiko ditu ateak azokak: "Txapelketari indar gehiago emannahi izan diogu aurten eta sari hobeak jarri ditugu aurreneko lau bikoterentzat". Mus Txapelketan parte hartu nahi dutenek, ISB tabernan edo egunean bertan eman dezakete izena eta bikoteko 20 euro ordaindu beharko da.

Urriak 7 eta 11, osteguna eta astelehena.

DJ Jimmy

Urriak 8 eta 10, ostirala eta igandea.

Unai Frantzesenaren taldea

Urriak 9, larunbata.

Trikitilariak

.25 pertsonako txandak eginez, 100 lagun inguru ariko dira lanean ostegunetik astelehenera bitartean.