Igandean Lezoko Kilometroetan Ikasberrik hartuko du lekukoa eta arratsaldean harrera-ekitaldia egingo da herrian

Uztarria.eus 2010ko urr. 1a, 13:10

Azpeitiko Ikastolako L.H. 2. mailako ikasle batek hartuko du lekukoa, 2011n, Azpeitian izango baitira Kilometroak

Igandean, 20:15ak aldera, lekukoari harrera egin eta ekitalditxo bat egingo da udaletxe azpian

Datorren urtean, 2011n, Azpeitian izango dira Kilometroak, Ikasberri Ikastolak antolatuta. Ikasberri Kirol Elkarteko lehendakari eta Kilometroak 2011ko koordinatzaile Roman Azkuek Uztarriari jakitera eman dionez, igande honetan Pasaia-Lezon ospatuko den ikastolen festan Azpeitiko Ikastolako L.H. 2. mailako ikasle batek hartuko du lekukoa.

Eguerdi aldera, 12:30ak buelta horretan, lekukoa jaso eta eguna han pasatu ondoren, arratsaldeko 19:00etan autobusa hartu eta Azpeitira etortzeko asmoa dutela kontatu du: "Jose Artetxera arratsaldeko 20:00ak aldera ailegatuko gara eta handik plazara, kalejiran joango gara, Ikasberriko trikitilari taldearekin. Udaletxe azpian, 20:15ak aldera, lekukoari harrera egin eta ekitalditxo bat egingo dugu. Ikasberriko ikasleek pare bat bertso kantatuko dituzte eta Ikastolak 2011ra begira dituen asmoen eta helburuen berri emango du".

Ikasle, guraso, herritar eta udaletxeko ordezkariak, denak, igande honetan egingo den ekitaldira gonbidatuta daudela gaineratu du Azkuek.

Azpeitian, azkenekoz Kilometroen festa 2000. urtean egin zen, Ikasberri Ikastolak antolatuta.