Berdintasunaren kontrasteak

Urola Kostako Hitza 2010ko ira. 29a, 11:09
Ainara Garciak bere erakusketan jarri duen Finlandiako argazkietako bat. (Urola Kostako Hitza)

Ainara Garcia argazkilari gazteak Maroko eta Finlandia batu ditu Lurrak erakusketan

Betharrametan ireki du erakusketa, eta urriaren 3ra arte izango da zabalik

Hotza eta beroa. Urdina eta laranja. Iparra eta hegoa. Marokoko eta Finlandiako argazkiak anaitu eta Lurrakizeneko erakusketa zabaldu du Ainara Garcia argazkilari azpeitiarrak Betharram aretoan, urriaren 3ra arte. "Lurraldeei buruzkoa da, lurraldeen arteko berdintasunei nahiz ezberdintasunei buruzkoa. Pasaiak, gizartea, bizimodua, jatorrizko animaliak... Finlandiako animalia elur-oreina da eta Marokokoa edo leku mortuetakoa, berriz, gamelua. Diferentzia horien bitartez, bi herrialdeen arteko kontrastea bilatzen saiatu naiz erakusketan", dio argazkilariak.

Guztira, 20 argazki bildu ditu; hau da, herrialde bakoitzeko hamarna. Horretarako aukeraketa sakona egin behar izan du Garciak: "Bi lurralde horietara bidaiatu nuenean, ez neukan aldez aurreko proiekturik buruan. Iaz Marokon izan nintzen eta aurten, neguan, Finlandian. Bueltatzerakoan, irudiak editatzen hasi nintzenean, bi leku oso ezberdinetara bidaiatu nuela konturatu nintzen. Alde batetik, basamortua neukan eta bestetik, izoztutakolakua. Ezberdintasun horiek azaldu nahian, erakusketa bat egin nezakeela bururatu zitzaidann. Eredu bera bi kulturatan nola den erakutsiz, hain zuzen ere".

Erakusketako argazkiak binaka aurkeztuta daude, eta argazki bikote bakoitzak istorio moduko bat kontatzen du, erakusketaren eskuorrian azaltzen duen bezala: Santa Claus eta ume bereberea, Laku eta desertuak, Lur eta elurrezko herrialdeak, Lanposturainoko bidea, Ilunabarra, Garraioak, Ostatu turistikoak eta Gure biziraupenerako animaliak. Bildutako bikoteen artean, Lanposturainoko bidea izenekoa deigarria egiten zaio argazkilari gazteari. Izan ere, "Finlandiakoan, gizonezko bat lanera doa, maleta eskuetan duela. Marokoan, berriz, gizonezko bat agertzen da buru gainean sekulako lasto fardoarekin. Beraz, batek bere lan guztia maleta txiki batean darama eta besteak, buru gainean". Oro har, argazkien atzean "istorio bat islatzen" da, baina bisitariak "euren kabuz ohartzea" gustatuko litzaiokela dio egileak.

Argazki bidaiak

Ainara Garcia webgune propioa du eta bertan ikus daitekeenez, beste herrialde batzuetako argazkiak ere baditu; Londres eta Suedia, esaterako. Hala eta guztiz ere, helburu ezberdinekin egindako bidaiak izan zirela nabarmendu du honek: "Marokora eta Finladiara argazkiak ateratzeko asmoz joan nintzen espreski. Londresera eta Suediara, berriz, beste arrazoi batzuengatik; bertan ikasten zeuden lagun batzuk bisitatzera, besteak beste. Baina, jakina, lurralde haietan nengoenez, argazkiak ateratzeko aprobetxatu nuen. Nolanahi ere, argazki horiek ez dira horren landuak. Ez, behintzat, argazkiak ateratzeko bidaiatu dudanean bezala. Ondorioz, ez ditut erakusketan jarri".

Garciak kazetaritza alorrean egiten du lan, free-lance argazkilari bezala, eta Noticias de Gipuzkoa egunkariko langile izandakoa da eta Age Fotostock agentziarekin ere kolaboratzen du. Zeharka ala zuzenean, beraz, bere argazkilaritzak ere asko du fotokazetaritzatik. Azken finean, "bidaietako argazkilaritzak zerikusi zuzena du fotokazetaritzarekin. Nolabait esateko, lotuta daude. Edonola ere, bidaiatzea zaletasuna da niretzat, baina era berean nire lanarekin lotuta dago".

Aurrera begira, milaka ideia eta geltoki du buruan argazkilari azpeitiarrak. Oraindik zehazteke duen arren, Asiako herrialde batera bidaiatu eta argazkiak atera nahiko lituzke.

Etxetik mundura

Abuztuan egin zuen Garciak bere estreinako erakusketa, Lasarten. Kasu horretan, Euskal Herriko hainbat txoko jaso zituen bere argazkietan. Oraingoan, Betharramen ikusgai jarri duen Lurrak, bigarren erakusketa du. Beraz, pixkanaka-pixkanaka etxetik hasi eta mundu osora zabaltzen ari da argazkilaria: "Gainera, lehen erakusketarekin zera planteatzen nuen, ez dugula zertan urrutira joan behar leku politak ikusteko. Bigarrenarekin, ordea, guztiz kontrakoa azaltzen dut; hau da, jendeari urrutiko lekuak gerturatu nahi dizkiet, nire argazkien bidez haiek ere bidaitu dezaten".