Ilusioa eta elkarlana, Zilarrezko LEB ligari aurre egiteko

Uztarria.eus 2010ko ira. 22a, 20:09
Lan Mobel Iraurgi taldeko kideek eta klubeko lehendakari Iñaki Uriak (ezkerrean) argazkirako posatu dute aurkezpenaren ondoren (Nerea Uranga)

Erakunde eta babesleen ordezkaritza zabalarekin aurkeztu dute 2010-2011 denboraldirako Lan Mobel Iraurgi saskibaloi taldea

Ostiralean, irailak 24, liga hasi aurreko azken lagunartekoa jokatuko dute Azpeitiko kiroldegian Oviedoren kontra, 21:00etan hasita eta sarrera librearekin

Erakunde eta babesleen ordezkaritza zabalarekin aurkeztu dute 2010-2011 denboraldirako Lan Mobel Iraurgi saskibaloi taldea. Gaur eguerdian egin dute aurkezpen ekitaldia, Loiola Hotelean. Hango nagusi Pedro Azpiazu Beltza-rentzat esker oneko hitzak izan dituzte amaieran Iraurgi Saskibaloiko arduradunek, klubaren sorreratik eskaini izan dien babesagatik.

Iñaki Galdos, Gipuzkoako Kiroletako diputatua; Julian Eizmendi eta Asier Aranbarri, Azpeitiko eta Azkoitiko alkateak; Gorka Ramoneda, Gipuzkoa Basketeko presidentea; eta Lan Mobel Kooperatibako lehendakari Nerea Iriarte izan dira aurkezpenean hitza hartu dutenak, ISBko lehendakari Iñaki Uriarekin batera. Denboraldi historiko baten atarian dago Lan Mobel Iraurgi. 2005etik EBA Ligan aritu ondoren, aurten Zilarrezko LEB mailarako pausoa eman du Jon Txakartegik zuzentzen duen taldeak, orain arte Iraurgikoek inoiz lortu duten mailarik altuena. Gaurko ekitaldian hitza hartu duten guztiek nabarmendu dute Iraurgikoen kirol lorpena, baina are gehiago Klubak Azpeitian eta Azkoitian saskibaloia sustatzeko egiten duen lana. Horren lekuko, aurten maila ezberdinetan aterako dituzten 23 taldeak.

"Ilusioa", "elkarlana" eta "bailarako enbaxadore lana" nabarmendu dituzte erakundeetako ordezkariek eta babesleek. Iñaki Uriak, bere aldetik, guztien laguntza eskertu du. "Ederrena, bailara mailako batasuna" dela esan du ISBren lehendakariak.

2010-2011 denboraldiko taldea

Hauek dira gaur eguerdian ofizialki aurkeztu duten Lan Mobel ISB taldearen 2010-2011 denboraldirako jokalari eta teknikoak:

Jokalariak

  • Joseba Ibargutxi. 1,89 metro. 1982-10-08. Antolatzailea.
  • Borja Martinez. 1,83 metro. 1985-09-29. Antolatzailea (Espainiako Palencia Baloncesto taldetik dator).
  • Xabier Osa Xabo. 1,96 metro. 1986-04-14. Eskolta.
  • Reggie Bratton. 1,92 metro. 1986-02-06. Eskolta (Erresuma Batuko Worthing Thunder taldetik dator).
  • Anthony Paez. 1,97 metro. 1986-02-06. Hegalekoa (Austriako Obewart Gunners taldetik dator).
  • Mikel Azkue. 1,96 metro. 1991-01-26. Hegalekoa (ISBren Lizuan.com taldetik igo da talde nagusira).
  • Aritz Martinez. 2,01 metro. 1982-12-11. Pibota.
  • Asier de la Iglesia. 1,98 metro. 1983-01-05. Hegaleko-pibota.
  • Josean Cavada. 2,02 metro. 1989-03-18. Hegaleko-pibota.
  • Chris Mortellaro. 2,08 metro. 1989-03-18. Pibota (Japoniako Hamamatsu Phoenix taldetik dator).
  • Imanol Zubizarreta. 1,85 metro. 1992-02-18. Antolatzailea.
  • Xabier Odriozola. 1,94 metro. 1987-03-17. Hegaleko-pibota.
  • Ibon Guridi. 1,92. 1992-03-03. Eskolta.
  • Jakes Alberdi. 1,94 metro. 1992-10-28. Hegaleko-pibota.

Entrenatzailea

Jon Txakartegi.

Entrenatzailearen laguntzaile

Iker Bueno.

Prestatzaile fisikoa

Xabier Aranburu.

Delegatuak

Andoni Lazkano eta Xuban Uranga.

Sendagilea

Jose Leon Arzallus.

Masaje-emaile

Jesus Mari Bastarrika Toota.

Aurredenboraldiko azkena, ostiralean etxean

Ostiralean, irailak 24, liga hasi aurreko azken lagunartekoa jokatuko du Lan Mobel Iraurgik Azpeitiko kiroldegian Oviedoren kontra, 21:00etan hasita eta sarrera librearekin.

Lan Mobel ISBk urriaren 3an eta etxetik kanpo ekingo dio Zilarrezko LEB Ligari, Errioxako Clavijo taldearen kantxan.