Erdi Aroko VII. Azoka eta outlet azoka egingo dituzte asteburuan

Urola Kostako Hitza 2010ko ira. 22a, 10:09
Lau merkatari, Bertan Merkatari Elkarteko Teknikari Iñigo Amiano eta Joxe Urbistondo Udaleko zinegotzia ekimenaren aurkezpenean. (Urola Kostako Hitza)

Udalak eta Bertan Merkatarien Elkarteak elkarlanean antolatu dute asteburu honetarako egitaraua

Outlet azokan iaz baino lau postu gehiago izango dira

Asteburu honetan Azpeitiak mende batzuk atzera egingo du, Erdi Aroko VII. Azokaren lekuko izango baitira Alde Zaharreko kaleak. Hitzordu horrekin batera, azken urteotan egin duten moduan, herriko saltokien outlet azoka ere izango da. Azpeitiko Udalak eta Bertan Merkatarien Elkarteak antolatu dute asteburu berezi hau.

Atzo aurkeztu zuten azoka Udaleko Industria, Merkataritza eta Turismoko batzordeburu Joxe Urbistondok eta Bertan Merkatari Elkarteko teknikari Iñigo Amianok, herriko hainbat dendarik lagundurik. Informazioa eta egitarauaren berri dakarten esku orriak etxeetara banatuko dituzte egunotan, eta beste urte batez "merkataritza eta festa giroa uztartuko" direla nabarmendu zuten.

Urbistondok azoka hau antolatzen "lagundu eta doan parte hartu duten guztiei eskerrak" eman zizkien atzoko aurkezpenean. Bide batez, herritarrak kalera ateratzera eta sortuko den giroaz gozatzera animatu zituzten.

700. urteurrenerako egokia

Aurten Azpeitiari herri gutuna eman ziotela 700 urte beteko direnez, "garai bateko girora" hurbiltzeko modu egokia dela adierazi du Urbistondok. Erdi Aroko giro hori sortzen lagunduko du hainbat norbanako eta taldek. Izan ere, asteburu osoan zehar kaleak girotzen jardungo dute zirko konpainia batek, ttuntturroek, Udal Musika Bandak, Juan Antxieta Musika Eskolako haurrek eta Metal Boskoteak.

Horrez gain, pilotalekuan ehiza-hegaztiak, gaztagintzako Napar Txokoak eta zeramika tailerra izango dira, eta alberkan aintzinako garbitegiek nola funtzionatzen zuten erakutsiko dute. Plazan, bestalde, ehoziri tailerra eta marrazki tailerra egongo dira. Arte eta Diseinu Eskolak, haurrentzako marrazki lehiaketa antolatuko du aurten ere, eta igande arratsaldean jakingo da irabazlearen izena. Olazko Amaren plazan bitxiak, ogia eta egurrezko tresneria postuak egongo dira. Azkenik, herriko plazan, Plaza Txikian eta Santiago kalean elikagaien eta artisautza produktuen postu ugari egongo da, herritarrek ikusi eta nahi izanez gero erosteko.

Saltokien eta tailerren ordutegia ere zehaztu dute antolatzaileek. Hala, goizez 12:00etatik 14:00etara eta arratsaldez 17:00etatik 20:00etara zabalduko dituzte ateak.

Aurten lau postu gehiago

Urbistondok adierazi zuenez, "historiatik eta iraganetik bakarrik bizi ezin daitekeenez", aurten ere outlet azoka antolatzea erabaki dute herriko merkatariek aurreko denboraldietatik gelditutako produktuak saltzeko eta herritarrek prezio baxuagoetan produktu horiek eskuratzeko.

Outlet edo stock azokari dagokionez, Bertaneko teknikari Iñigo Amianok adierazi du "inoiz baino postu gehiago" izango direla azoka plazan; herriko 30 saltokik ipiniko dute postua bertan, iaz baino lau gehiagok, hain zuzen ere.

Ohi bezala arropak, oinetakoak, kirol arropa, haur jantziak, oparitarako gauzak, etxeko tresneria, oihalak eta beste hainbat produktu erosi ahal izango dira normalean baino prezio baxuagoetan. Amianok herritarrak azokara hurbiltzera gonbidatu ditu. Azoka hau 10:00etatik 15:00etara eta 16:30etik 20:00etara izango da.

Egitaraua

Irailak 25, larunbata

10:00etan, outlet azoka zabalduko dute.

12:00etan, Erdi Aroko Azoka irekitzeko desfilea egingo du Napar Bideak animazio taldeak herriko kaleetan zehar.

12:30ean, Banda Gazteak eta Azpeitiko Musika Bandak kalejira egingo dute.

17:00etan, Napar Bideak animazio taldeak ikuskizuna eskainiko du.

18:00etan, ttuntturroek kalejirari ekingo diote.

Irailak 26, igandea

10:00etan, outlet azoka zabalduko dute.

12:00etan, Erdi Aroko postuak zabalduko dituzte.

12:00etan, Juan Antxieta Musika Eskolakoen emanaldia izango da kaleetan zehar. Musika taldearen kalejiraz gain, Erdi Aroko dantzen saioa egingo dute.

13:00etan, Napar Bideak animazio taldearen ikuskizuna izango da.

18:30ean, Metal Boskotea kalejiran aterako da.

19:30ean, Napar Bideak animazio taldearen ikuskizuna.

20:00etan, Erdi Aroko Azoka eta outlet azoka itxiko dituzte.