Kanpoko igerilekuaren zati bat estaltzeko lanak hasi berri dituzte

Urola Kostako Hitza 2010ko ira. 21a, 10:09
Kanpoko igerilekuak goiko itxura hartuko du, Udalak helarazitako maketaren arabera. (Azpeitiko Udala)

Kanpoko igerilekuaren zati bat estaltzeko lanak hasi dituzte, eta beste hainbat proiektu ere martxan jartzekoak dira

Besteak beste, Enparan Dorretxea eta Damaso Azkue auzoaren artean bidegorria eraikiko du

Herrian hainbat azpiegitura berritzeko eta moldatzeko lanak egiten ari da Udala. Hala, enplegua sustatzeko helburua duen Espainiako Gobernuaren diru laguntzarekin finantzatuko dituen hiru lan hasi ditu dagoeneko: Jose Artetxe kalean mugikortasuna hobetzeko lanak; Done Jakue kalean (Pilotalekua) hornidura-sareak berritzeko lanak; eta, azkenik, kanpoko igerilekuaren zati bat estaltzeko lanak.

Hain zuzen ere, igerilekuko obrekin joan den astearen bukaeran hasi ziren.

Espainiako Gobernuaren diru laguntzarekin egingo dituzten obra horiez gainera, beste batzuk ere hasi dituzte hilabete honetan: Betharrametako kirol gunearen lur zorua asfaltatzen hasi dira, esaterako. Lan horiek aste honetan bertan bukatzea espero dute.

Betharrametakoak bukatu orduko, beste lan batzuk hasiko dituzte herriaren bestaldean: Enparan Dorretxea eta Damaso Azkue auzoa bitartean eta Enparangarain. Hauek urte bukaerarako amaituko dituzte.

Enparan Dorretxea eta Damaso Azkue auzoaren artean bidegorria eraikiko du Udalak; Enparan Dorretxea eraikinaren Joan XXIII.a auzora aldeko zatitik hasi eta espaloia jarraituz eta ibai ondotik joango da Damasora bitartean bidegorria. Espaloia gaur egun bezalaxe mantenduko dute, eta horren ondoan eraikiko dute bidegorria.

Enparangarain, berriz, oinezkoentzako bide segurtasuna hobetzeko lanak egingo dituzte. Horretarako, semaforoak jarriko dituzte, besteak beste.

Kanpoko igerilekua

Zati bat estaliko dute. Espainiako Gobernuaren diru laguntzaren bidez kanpoko igerilekuaren zati bat estaliko dute. Horrela, gaur eguneko kanpoko igerilekuaren zati errektangularra ixteko eta irekitzeko moduan jarriko dute. Gainera, itxituraren gaineko solairuan eguzkia hartzen egoteko toki bat jarriko dute. Toki horretara igotzeko eskailera batzuk egongo dira. Barruko igerilekua «txiki» gelditu delako egingo dute lan hau.

Aurrekontua. 601.319 euroko aurrekontua du.

Lanen epea. Igerilekuko lanak hil honetan hasi dituzte, bost hilabetetako epean bukatzeko.

Betharram

Kirol guneko lur zorua hobetuko dute. Betharrametako kirol gunean edo atarian asfaltoa botatzen ari dira. Egoera kaskarrean zegoen lehen zorua, eta hori hobetzeko lanean ari dira. Lan horiekin batera, lur azpiko azpiegiturak berritzen ere jardun dute. Hau da, lur azpiko ur zikinen eta garbien hodiak bereiztu egin dituzte, eta horretarako hobi berriak sartu dituzte.

Aurrekontua. Betharrametako ataria asfaltatzeko lanek 120.000 euroko aurrekontua dute.

Lanak bukatzeko epea. Lanak hil honen hasierarako hasita zeuden, eta astebete barru bukatuta egotea espero du Udalak.

Enparangarai

Oinezkoentzako semaforoak jarriko dituzte. Oinezkoen segurtasuna bermatzeko Enparangarain semaforoak jarriko dituzte, autoentzat eta oinezkoentzat, Gau Argi enpresaren aurrean. Horrez gain, errepide ondoko asfaltatu gabeko gunean zoladura jarriko dute. Hala, aparkalekuak jarriko di tuzte, eta autobusaren geltoki bezala erabiltzeko ere prest egongo da toki hori.

Aurrekontua. 172.000 euro. Horren erdia Gipuzkoako Foru Aldundiak ordainduko du.

Lanen epea. Hil honetan hasiko dira lanean eta urte bukaerarako bukatuko dituzte obrak.

Enparan-Damaso

Enparan Dorretxetik Lasaorako bidera bidegorria eraikiko dute. Udalak, Enparan Dorretxetik Damaso Azkue auzora bitartean bidegorria eraikiko du, hala Gipuzkoako Foru Aldundiak Azpeititik Lasaora egingo duen bidegorriarekin lotuz. Gaur egungo espaloiaren ondoan egingo dute bidegorria, eta bidegorri ondoan errepidea, errai bakarrekoa.

Aurrekontua. 300.000 eurokoa da aurrekontua, eta Eusko Jaurlari- tzako Izartu programaren bidez finantzatuko dute.

Lanen epea. Hil honetan hasiko dituzte eta urte bukaerarako amaituko dituzte.