Ehun lagunetik gora bildu da errepresaliatuen alde Xoxoten

Urola Kostako Hitza 2010ko ira. 20a, 10:09
Larunbateko ekitaldiko irudi bat. (Urola Kostako Hitza)

Ekitaldiaren osteko bazkarian 70 lagun inguru elkartu ziren

"Aro politiko berriaren alde borrokan eta lanean jarraitzeko" deia luzatu zuten atzoko ekitaldi politikoan

Urola bailarako euskal errepresaliatu politikoen aldeko eguna egin zuten larunbatean Xoxote mendian. Errezilgo, Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako errepresaliatu guztiak gogoan izan zituzten 13:00etan Xoxoten bertan egindako ekitaldian. Horerz gainera, "Euskal Herrian indartzen ari den aro politiko berriaren alde borrokan eta lanean jarraitzeko" deia luzatu zuten ekitaldian. Baina, prozesu demokratikoa garatzeko "errepresio estrategiari aurre egin behar zaiola" azpimarratu zuten, eta "errepresioaren ondorioz kaltetutako borrokalari eta kide guztiei elkartasuna" adierazten jarraitzeko deia ere egin zuten. Ekitaldian ehun lagunetik gora bildu zen. Behin hori bukatuta bazkaria egin zuten mendian bertan, eta bazkaltzeko 70 lagun inguru elkartu ziren.

Urolako errepresaliatuen Xoxoteko eguna urtero antolatu ohi dute.