Urrestillako Zurrunbilo haurreskola inauguratu dute

Uztarria.eus 2010ko ira. 14a, 21:09
Juankar Arellano, Xanet Esnaola, Nerea Aldai, Julian Eizmendi, Arantxa Arregi eta Maite LarraƱaga, gaurko inaugurazio ekitaldian

0-3 adin tarteko haurrei zuzendutako eskola da Urrestillakoa

Matrikulazio epea zabalik mantenduko dute Zurrunbilo Haurreskolan, ikasle kupoaren %60ra iritsi arte

Irailaren 6tik martxan bada ere, gaur, hilak 14, egin dute Urrestillako haurreskola berriaren inaugurazio ekitaldia. Eta haurrik gabe egin dute, ekitaldia eguerdian izan delako eta, ordurako, egokitze aldian dabiltzan ikasleak etxera itzulita zeudelako.

Julian Eizmendi alkatea (EAJ), Nerea Aldai Hezkuntza batzordeburua (EAJ), Xanet Esnaola (hautetsi independentista) eta Juankar Arellano (Aralar) izan dira Azpeitiko Udala ordezkatuz ekitaldian parte hartu dutenak, Arantxa Arregi Gipuzkoako Hezkuntza delegaritzako koordinatzailearekin eta Haurreskolak Partzuergoko zuzendari Maite LarraƱagarekin batera. Urrestillakoa Partzuergoari atxikitako zentroa da, sare publikokoa.

Matrikula irekita

Hiru haurrekin ireki ditu ateak Urrestillako haurreskolak, eskoletako perretxikoaren eraikuntza eraberrituan. Inaugurazioan aurreratu dutenez, azarorako beste ikasle bat gehituko da zerrendara, eta 2011 hasieran haur kopurua handiagoa izango dela aurrikusita dute. Matrikulazio epea zabalik mantenduko dute Zurrunbilo Haurreskolan, ikasle kupoaren %60ra iritsi arte. 0-3 adin tarteko haurrei zuzendutako eskola da Urrestillakoa; 0-2 eta 2-3 moduluak hartzen ditu, horrenbestez.

Herritarren eskaria

Orain martxan jarri den haurreskolaren hazia 2007ko udazkenean Urrestillan Azpeitiko Udalak deituta egin zen herri batzarrean jarri zuten urrestildarrek. Beste hainbaten artean, Urrestillarako eskola berreskuratzea eskatu zuten batzar hartan. Handik sortutako Herri Batzordeak eskaera horri eutsi eta luzatu zion Azpeitiko Udalari. Orain dela bi urte, 2008ko urrian, gurasoekin bilera egin zen beharrak aztertzeko, eta han abian jarritako prozesutik etorri da haurreskola berriaren sorrera. 2009an baieztatu zuten eskolaren irekiera eta, 2010aren hasieran zabaltzekoa bazen ere, 2010-2011 ikasturtera arte atzeratu behar izan zuten.