ETAren agiria, Azpeititik ikusia

Uztarria.eus 2010ko ira. 9a, 18:09

ETAk irailaren 5ean plazaratutako agiriaren aurrean gogoeta eskatu die Uztarriak herriko bost ordezkari politikori

Albistea positiboa dela esatean bat datoz guztiak, baina ñabardurekin

Zer iritzi duzu ETAk "eraso ekintza armaturik" ez egitea erabaki duela esanez plazaratu duen agiriaz?

Galdera horixe luzatu die Uztarriak herriko bost ordezkari politikori. Julian Eizmendi alkatea, Iñaki Errazkin, Manuel Unanue eta Juan Karlos Arellano zinegotziak eta PSE-EEko kide Ramon Etxezarreta izan dira galdekatuak. Albistea positiboa dela esaterakoan bat datoz guztiak, baina ñabardurekin.



Julian Eizmendi (alkatea, EAJ):

"Balorazio positiboa egin nahi dut, baina gehiago espero nuen. Eta aurreneko pausoa bada, etor dadila hurrengoa eta definitiboa lehenbailehen. Euskal Herriaren eraikuntza, etorkizuna, bakarrik bide baketsu eta politikotik erabaki behar da, indarkeriaren erabilera sobran dago, ETAk desagertu egin behar du eta hori da herrak nahi duena".



Iñaki Errazkin (Hautetsi Independisten taldeko zinegotzia)

"Lehenik eta behin, denok ere ahoko giharreak lasaitu eta irribarre pixka bat egin beharko genukela uste dut, notizia ona delako eta aurrerapauso ona prozesu demokratiko bat aurrera eramateko. Ariketa ona litzateke, bizi dugun egoera honetan itxaropen bide bat irekitzen delako. Horren harira, gogoeta bat ere egin nahiko nuke, zenbaiten erreakzioak ikusita eta albiste horren aurrean hainbat langa jarri nahian ari direla ikusita, ezker abertzalea bidetik baztertu nahian: beti ezezkoan egon nahi al dugun, ala baiezkoan, hori da nire erreflexioa. Guk oso garbi daukagu nora joan nahi dugun, ezker abertzaleak erabaki garbia hartu du. Urrats honek beste urrats batzuk ekarriko ditu eta, nahi edo ez, besteek ere egoera berrira moldatu beharko dute. Hau ez da zerotik datorren pausoa, erabaki estrategikoei erantzuten die. Denok jarri beharko gara elkarrizketa bide batean".



Manuel Unanue (Eusko Alkartasunaren zinegotzia):

"Nire alderdiak egin duen irakurketarekin bat nator. Neure aldetik, pena bat iruditzen zait batzuen jarrera. Pena bat, alderdi positiboari begiratu beharrean, beti alderdi txarrari eustea, dena negatiboa ikustea. Gutxienez, alderdi ona ikusi, ezta? Tristea da, baina badirudi batzuek, gainera, atentatu bat egotea nahi dutela; lagundu beharrean, bidea erraztu beharrean eta aurrerapausoak eman beharrean".

Juan Karlos Arellano (Aralarren zinegotzia):

"Irakurketa sinplea da: ekintza militarrik ez egotea guztiz pozgarria da, garrantzitsua oso. Bizi dugun egoera honen zutabe bat desagertzea litzateke, beste indarkeria mota batzuk hor mantentzen direla ahaztu gabe. ETAk bere borondatea azaldu du, baina hori ez da bere horretan gelditu behar; beste mugimendu batzuk egin behar dira, ETAren aldetik eta alderdien aldetik. Niretzat, nahiko berandu iritis da adierazpen hau. Orain dela pare bat urte gertatu balitz, gaur egun Azpeitian beste egoera batean egongo ginateke, beste dinamika batean sartuta, baita aurrera begira ere".



Ramon Etxezarreta (PSE-EEko kidea):

"Poza. Atsegina sentitu nuen. Pozik eta samurrik ez sentitzeko lain ez nau itsutu azken urteotako arrastakako bizimodu makurrak. Baina arrazonamenduaren giharrak ere ez zaizkit zimeldu, eta hauek esaten didate antzekoak egin eta esanak direla lehen ere, eta haserretu edo ipurterretu direnean tiroka eraso digutela, euskaldunoi, españolei, langileei, Uriari, edozeini. Ondo dakite zer esan eta egin behar duten. Ondo dakite jendeak, euskal herritarrak, sinestea nahi badute. Kaputxak kendu eta euskarari eman balioa, ez bonbei eta pistolei, pertsonei! Exijentzia larria da".