Landa Lurraren Bankua egitasmoa martxan jarri dute eskualdean

Urola Kostako Hitza 2010ko uzt. 28a, 12:07

Baserritarren edo nekazarien aldetik egon daitekeen lur eskaintza eta eskaria aztertu nahi dute

Horretarako 561 baserritan galdeketak egingo dituzte

Landa Lurraren Bankua egitasmoaren bidez, eskualdean egon daitekeen lur eskaintza eta eskaera kudeatu nahi dute. Era horretan, nekazaritza jardueraren garapena eta jarraipena lortzeko. Eskualdean Urkome Urola Kostako Landa Garapeneko Elkartearen bidez jarri dute martxan egitasmoa. Hala, egitasmo berriarekin Urola Kostako edozein ustialekuk duen lur erabilgarriaren inguruko informazioa bildu nahi dute.

Atzo goizean aurkeztu zuten egitasmoa Azpeitiko Enparan Dorretxean. Bertan izan ziren, besteak beste, Rafael Uribarren Gipuzkoako Landa Ingurunearen Garapenerako departamentuko diputatua, Xabier Arruti Landa Lurraren Bankua egitasmoko arduraduna, Manuel Labaka beizamarra eta Urkomeko presidentea, Iñaki Oiarzabal Errezilgo alkatea, Igor Iturain Aiako alkatea eta Iñaki Etxezarreta Azpeitiko Baserrietako eta Zerbitzu Orokorreko zinegotzia.

Egitasmo "berritzailea eta aitzindaria" dela nabarmendu du Xabier Arrutik. "Proiektu honekin lurra behar duen nekazari horri ematen saiatzea da. Hori, egunerokotasunean egingo genukeen lana litzateke. Hau da, egon daiteke lurjabe bat lurra ustiatu ezin duena. Harek lurra utziko liguke eta guk lur hori landu edo ustiatu nahi duen nekazariari utziko genioke. Izan ere, gero eta jende gehiago etortzen zaigu, bai lur eske, baita lurra eskaintzen ere". Baina eguneroko lan horretaz haratago, etorkizuna ere planifikatu nahi dute, hamar edo hamabost urte barru zer lur eskaintza egongo den jakiteko. "Zenbait kasutan egun badaude baserrian eta baserritik bizi diren pertsonak, baina hemendik urte batzutara haiek ustiatzen eta lantzen dituzten lur horiek nork landu ez dutenak". Horregatik, zer lur dauden gaur egun eta etorkizunean zer lur egon daitezkeen jakiteko datu edo informazio bilketa egingo dute.

Galdeketa, 561 baserritan

Manuel Labaka Urkomeko presidenteak azaldu duenez, informazioa biltzeko Urola Kostan baserriz baserri elkarrizketak egiteko asmoa dute. "Hala, lur gabeziak aztertuko ditugu, baserritarrek eduki ditzaketen egitasmoak, izan ditzaketen arazoak, eskaerak jakiteko eta irtenbidea emateko baligarri izan daitezkeela uste dugu", esan du Labakak.

Baina, Urola Kostako ustiategi guztietan ez dute egingo inkesta. Esaterako, basogintzan lan egiten dutenak oraingoz ez dituzte galdekatuko. Guztira 561 baserritara joko dute ikerketa egiteko.

Rafael Uribarren diputatuak nabarmendu duenez, "nekazaritza mantendu beharra" dago eta egin behar horretan Landa Lurraren Bankua egitasmoa lagungarria da.