Baserritarren Eguneko ekitaldi guztietan jende asko ibili da

Urola Kostako Hitza, uztarria.com 2010ko uzt. 27a, 12:07
Kantu poteoan hainbat lagun bildu zen. (Nerea Uranga)

Santio eguneko eguerdi arteko festan txapelketak izan dira nagusi

Arratsaldetik aurrera, berriz, kantua, musika eta zezenak

Santio Eguneko argazki bilduma ikusteko egin klik hemen

Herenegun, Santio egunez, Baserritarren Eguna ospatu zen Azpeitian. Goizeko 11:30ean herriko plazak ez zuen ematen orduak igaro ahala izango zenaren itxurarik; lasai antzera zegoen herri-gunea, eta jendetza hartzeko prestaketak egiten ari zen zenbait lagun. Hala, ordubete geroago leporaino bete zen enparantza. Ordurako, txahal errearen postuan pintxoak lortzeko ilada luzea zegoen, eta arkupetako postuetan ere jendea zain zen, edalontziak eskuan, sagardoa noiz aterako.

Irabaziak Haitira

Urtero bezalaxe, Azpeitiko Mixio Taldekoek jardun zuten txahal errearen pintxoak saltzen. Aurten bildutako dirua Haitiko hezkuntza egitasmo batera bideratuko dutela jakinarazi dute. 13:30ak ingururako, txahal erre osoa pintxotan banatuta zeukaten.

Azpeitiko Eusko Labeleko harakinek jardun zuten txahala erretzen eta zatitzen . Larunbatean, 23:00etan, jarri zuten Zestoatik ekarritako 276 kiloko txahala erretzen. Hamabi ordu sutan eduki, eta herenegun eguerdian hasi ziren zatitzen. "Txahal bikaina ekarri dugu", zioen antolatzen eta lanean ari zen harakinetako batek. Baserritarren Egunaren baitan Eusko Labeleko herriko harakinek txahala erre duten 14. aldia izan da aurtengoa.

24 ardi gazta lehian

Txahal errea pintxotan banatzen hasi zirenerako, Azpeitiko XII. Ardi Gazta Txapelketako irabazleak nor ziren erabakita zuen epaimahaiak. Guztira 24 ardi gaztak hartu zuten parte txapelketan, eta epaimahaiko kide batek bukaeran azaldu zuenez, "oso maila ona" zuten. Herriko hainbat artzainek hartu zuen parte lehiaketan, baina saria Arabara joan zen; Gaspar eta Puy Arrietak jaso zuten 300 euroko saria. Lehiaketarekin batera, gazta postuak ere egon ziren herriko plazan; Azpeitiko eta Errezilgo gaztagileek jarri zituzten euren produktuak haietan.

Rezola sagardotegia txapeldun

Sagardo postuak ere zabaldu zituzten plazako arkupetan eta jendeak edalontzia erosi ahala, postuak betetzen hasi ziren. Aurten 23 sagardotegik jarri dute postua, eta ez gehiagok, arkupetan tokirik ez dagoelako. Hala argudiatu dute antolatzaileen esanetan. Edaria banatzen hastearekin batera, Azpeitiko 38. Sagardo Txapelketa hasi zen. Epaimahaiak plazan jarritako oholtza gainean jardun zuen lanean.

Aurtengo txapelketako lehen hiru postuak erabakitzeko nahiko lan izan zuen epaimahaiak. Aurrena, txapelketako 23 sagardoak dastatu zituzten. Ondoren, hamar onenak aukeratu eta bigarren itzulia egin zuten. Baina hirugarren bat ere egin behar izan zuten, bigarren eta hirugarren saria nori eman erabakitzeko. Azkenean, Astigarragako Rezolak irabazi zuen txapela, bigarren Oiarbide gelditu zen eta hirugarren, berriz, Barkaiztegi.

Herriko sei-zortzi elkarteetako kideak posturik postu ibili ziren sagardoak dastatzen eta haiek aukeratu zuten, ondoren, onean. Elkarteek emandako saria Astigarragako Alorrenea sagardotegiak jaso zuen.

Sagardo txapelketa bukaeran, antolatzaileek kide zuten Iñaki Arregi Portu zena eta Petritegi sagardotegiko seme Jokin Otaño zena omendu zituzten. Bien senitartekoei oroigarri bana eta lore sorta eman zizkieten.

Ukuilu onena, Eizmendikoa

Herriko plazan jendea sagardoa, txahala eta gazta dastatzen ari zen eta azoka plaza atzean, berriz, Euskadiko XV. Blonda Txapelketa jokatzen ari ziren. Bai Zelai Luze eta bai astotegia abelburuz beteta zegoen. Ehun buruk hartu zuten parte txapelketan. Azpeitiko Eizmendi baserriko Jose Migel Esnaolak jaso zituen sari gehien, tartean ukuilu onenarena. Baina herriko Agite eta Gaztelu baserrietako ganaduzaleek eta Orioko Longakoak ere sari ugari jaso zituzten herenegungo txapelketan.

Ganadu txapelketako sari banaketa bukatzearekin batera bukatu ziren festetako bazkalaurreko ekitaldiak. Baina arratsaldean ere jaiak izan zuen lekua.

150 lagun kantu poteoan

Arratsaldeko 18:30ean, Baigera aurrean elkartu, eta Kantu Jira edo Kantu poteoa hasi zuten hainbat herritarrek. Plaza Txikian ekin zioten ibilbideari eta, alde zaharrean ez ezik, Jose Artetxe auzora ere joan ziren kantuan. Azpeitiko Gaztetxekoek eta Baigera Erretiratuen Elkartekoek antolatutako ekimena izan zen, eta 150 lagun inguruk hartu zuten parte.

Kantu poteoa iaz antolatu zuten aurreneko aldiz, eta aurten orduan baino herritar gehiagok hartu du parte ekimenean. Beraz, indarra hartzen doan seinale dela nabarmendu dute.

Kantu poteoa hasi zen ordu berean desenkajonamenduari ekin zioten zezen-plazan. Bertan, saninazioetako zezenketetan toreatuko eta hilko dituzten zezenak ezagutxeko aukera egon zen. Desenkajonamendua ikusten ere jende asko izan zen.

Santiotako ekitaldiei bukaera Gontzal Mendibil eta Txomin Artola musikarien saioak eman zien. Musika saioa entzuteko herriko plaza jendez bete zen.

Santio Eguneko lehiaketa eta txapelketak

Azpeitiko 38. Sagardo Txapelketa

Herenegun, Santio egunez, 23 sagardotegik hartu zuten parte txapelketan. - Lehen saria.Rezola sagardotegia (Astigarraga), 134 punturekin.

  • Bigarren saria.Oiarbide sagardotegia (Astigarraga), 131 puntu.
  • Hirugarren saria.Barkaiztegi sagardotegia (Donostia), 131 punturekin.
  • Herriko elkarteetako ordezkariek emandako saria. Alorrenea sagardotegia (Astigarraga), 57 punturekin.

Euskadiko XV. Blonda Lehiaketa

  • Idisko txapelduna. Bizkaiko Arrieta herriko Makuleta baserriko Eclat. Buru horrek 12 eta 24 hilabete arteko idiskoen sailean ere lehen saria jaso zuen.
  • Behi txapelduna. Azpeitiko Eizmendi baserriko Diana. Abelburu horrek 30 eta 36 hilabete arteko bigatan lehen saria jaso zuen.
  • Intseminazio artifizialeko abelburu onena. Azpeitiko Eizmendi baserriko Diana.
  • Ukuilu onena. Azpeitiko Eizmendi baserria.
  • Parte-hartzea eta sailka sariak. Bederatzi ganaduzalek eta ehun abelburuk hartu zuten parte Euskadiko Blonda txapelketan. Bost ganaduzale gipuzkoarrak ziren eta lau bizkaitarrak; gipuzkoarren artean, Eizmendi, Agite eta Gaztelu azpeitiarrak eta Longa oriotarra zeuden. Hamazazpi sailetan banatuta eman zituzten sariak.
  • Eizmendi baserriko (Azpeitia) Jose Migel Esnaolak sei sailetan lehen saria jaso zuen; sail batean bigarren saria eta lau sailetako hirugarren sariak.
  • Agite baserriko (Azpeitia) Antonio Olaizola ganaduzaleak bi bigarrengo sari eta hiru hirugarrengo eskuratu zituen.
  • Gaztelu baserriko (Azpeitia) Imanol Lazkano ganaduzaleak bi lehen sari eta bigarrengo sari bat jaso zituen.
  • Longa baserriko (Orio) Jose Angel Zendoia ganaduzaleak bi lehenengo sari eta bi hirugarrengo irabazi zituen.

Ilunpe Pilota Elkarteko Cesar Valverde Saria

  • Benjamin aurrekoak: Egigurenek 14 - Elosegik 18.
  • Lehen urteko benjaminak: Iriartek 6 - Peñak 18.
  • Bigarren urteko benjaminak. Isasmendik eta Alberdik 18 - Garatek eta Uzkudunek 17.
  • Alebin mailakoak: Alberdik eta Irurek 18 - Kerejetak eta Iriondok 8.
  • Infantil mailakoak: Gelisek eta Zubizarretak 7 Aizpuruk eta Peñagarikanok 18.
  • Seniorrak: Iriondok 18 - Etxeberriak 15.

Azpeitiko XII. Ardi Gazta Txapelketa

.24 gaztak hartu zuten parte txapelketan.

  • Lehen saria:Gaspar eta Puy Arrieta (Araia, Araba). 300 euroko saria eta garaikurra jaso zituen.
  • Bigarren saria:Aranburu Elkartea (Idiazabal, Gipuzkoa). 200 euroko saria eta garaikurra jaso zituen.
  • Hirugarren saria:Pedro Gabiria (Legazpi, Gipuzkoa). 150 euro eta garaikurra jaso zituen.

Loraldi, balkoi eta leiho lehiaketa

Sari hauek herenegun sagardo txapelketa hasi aurretik banatu zituzten herriko plazan.

  • Balkoi ederrenaren saria. Maria Luisa Eizagirre Bereziartua.
  • Balkoi berritzaileenaren saria. Olatz Agirre Odriozola.
  • Herritarrek aukeratuta emandako saria. Izaro Gorrotxategi Azkune.

Santio Eguneko argazki bilduma ikusteko egin klik hemen