Amnistia Eguna eta Baserritarren Eguna ospatuko dituzte asteburuan

uztarria.com, Urola Kostako Hitza 2010ko uzt. 23a, 13:07
Azpeitiko Santio Eguneko plazako irudi bat. (Nerea Uranga)

Igandean, Santio Egunez, esku pilota, ganadu, gazta eta sagardo lehiaketak jokatuko dituzte plazaren bueltan

Blonda Txapelketan hiru azpeitiar ganaduzalek hartuko dute parte: Agitek, Eizmendik eta Gazteluk

San Inazio festak gerturatzen ari dira, baina aurretik ere jai egunak eta festa giroa izango dira Azpeitian. Bihar, larunbata, Amnistia Egunaren baitan hainbat ekitaldi izango da eta, gainera, Usakume Tiro txapelketa eta XXX. San Ignazio Txirrindulari Saria jokatuko dituzte.

Igandean, uztailak 25, Baserritarren Eguna ospatuko da, egun guztian zehar. Goizean, Ilunpe Pilota Elkarteko pilotariak izango dira Frontoi Txikian, Cesar Valverde Sariketa jokatuko baitute. Ordurako, azoka plaza atzean, astotegi atzean eta Zelai Luzen, bi urtean behin egiten den Blonda Txapelketa egongo da.

19 gazta lehiaketan

Herriko plazan, berriz, XII. Ardi Gazte Txapelketa egingo dute. Aurten txapelketarako hemeretzi artzainek dute izena emanda. Lehiaketan Idiazabal izendapena duten ardi gaztek hartuko dute parte. Ondoren, ardi gazta lehiaketaren sari banaketarekin batera, herriko balkoi eta leihoen Loraldi lehiaketako sariak banatuko dituzte, herriko plazan.

Horretaz gainera, plazako arkupetan sagardogileen postuak jarrita egongo dira, eta haien sagardoa dastatzeko aukera egongo da. Edatekoari laguntzeko txekor errearen pintxoak jarriko dituzte salgai eta han bildutako dirua Haitiko hezkuntza egitasmo bati laguntzera bideratuko du Azpeitiko Misio Taldeak.

Arratsaldean, berriz, zezen-plazan saninazioetako zezenketatan toreatuko dituzten zezenen desenkajonamendua egingo dute, 18:30ean hasita. Ordu berean, Plaza Txikitik Kantu Jira edo kantu poteoa abiatuko dute Azpeitiko Gaztetxeko kideek eta Baigera Erretiratuen Elkartekoek. Ekimen hori iazko Santio egunean antolatu zuten aurreneko aldiz, eta arrakasta izan zuen, adin guztietako herritar ugarik parte hartu zutelako. 22:00etan, berriz, Gu Gira Taldearen kontzertua izango da, eta Txomin Artola eta Gontzal Mendibil izango dira, herriko plazan.

Ehun abelburu, txapelketan

Bi urtetik behin Azpeitian jokatzen da Euskadiko Blonda Arrazako Ganadu Txapelketa, urte batean Azpeitian eta bestean Bizkaian jokatzen baita. Hala, aurten XV. Euskadiko Txapelketa Azpeitian jokatuko dute igandean, Santio edota Baserritarren egunaren baitan. Ehun abelburuk hartuko dute parte lehiaketan, eta horiez gain beste 25 txahal jarriko dituzte erakusgai. Enkantean, berriz, bi buru jarriko dituzte. Bederatzi ganaduzalek hartuko dute parte igandeko ganadu txapelketan, bost gipuzkoarrek eta lau bizkaitarrek. Gipuzkoarren artean Agite, Eizmendi eta Gaztelu azpeitiarrak izango dira eta Longa oriotarra.

Azpeitiko Agite ganadutegiko Antonio Olaizolak 31 urte daramatza ganadu lehiaketetan parte hartzen, eta sari ugari jasotakoa da. Beti blonda arrazako ganaduarekin egin du lan Olaizolak. Igandean Euskadiko txapelketara 19 buru inguru eramatekoa da: "Txikiak eta handiak eramango ditut, amak umearekin eraman behar dira eta".

Hilabete eta hilabete eta erdi lehenagotik hasten da ganadua txapelketarako prestatzen. Blonda arrazako ganadua haragitsua da. "Niri blonda gustatzen zait eta beti ganadu mota horrekin jardun dut. Azpeitia aldea, gainera, alde horretatik indartsu dago. Gero, Bizkaia aldean ere badaude ganadutegi batzuk, baina...", dio Olaizolak. Lehiaketan jendeak ganaduzaleari galderak egiten dizkiola kontatzen du, eta batik bat Azpeitian jendeak interes asko erakusten duela dio.

Euskal Herritik kanpora ere joaten da ganaduarekin: Frantziara Bordelera eta Espainiara Salamancara. "Blonda elkarteak antolatzen ditu irteerak eta horietan parte hartzen dugu guk", dio.

23 sagardogile

Igandean, Santio egunaren baitan, Azpeitiko 38. Sagardo Txapelketa jokatuko da, 12:00etatik aurrera, herriko plazan. 23 sagardogilek hartuko dute parte, "23 izango dira, horiek baino gehiagorentzako tokirik ez dagoelako plazako arkupetan", azaldu dute antolatzaileek lehiaketaren aurkezpenean.

Sagardogile bakoitzak 11na kaxa ekarriko ditu. Lehiaketa, Gipuzkoako Sagardogile Elkartearen eta Azpeitiko Loiolatxo, Landeta ea Goikabi elkarteen artean antolatu dute, Azpeitiko Udalaren babesarekin. Igandeko sagardo ekitaldian Petritegi sagardotegiko semea zen Jokin Otaño eta Azpeitiko sagardo lehiaketa antolatzen ibilitako Iñaki Arregi Portu zena omenduko dituzte.