Poliziek ez dute Udalbiltza ETArekin lotuko lukeen frogarik aurkeztu

Berria.info, uztarria.com | Politika
2010ko uzt. 22a, 18:07

Polizia asko ez ziren 2003ko operazioko xehetasunez gogoratzen eta akusazioen galderak baieztatzera mugatu dira

Aurreko asteko lehen bi saioen ondotik, gaur eman diote jarraipena epaiketari; Miren Odriozola azpeitiarra da 21 auzipetuetako bat

Joan den ostegunean eta ostiralean -Udalbiltzaren aurkako epaiketako lehen bi saioetan- akusazioaren galderak ekimen, proiektu eta lan politikoei buruzkoak izan baziren, ustezko delitu zehatzen bat frogatzera bideratu gabe, gaurko saioan akusazioaren lekukoek ez dute Euskal Herriko udal erakundea ETArekin lotuko lukeen frogarik aurkeztu. Hain zuzen, Fiskaltzak eta Dignidad y Justicia herri akusazioak 21 auzipetuei alkate eta zinegotzi ziren garaian Euskal Herriko instituzio bat sortu eta haren bitartez nazio eraikuntzan saiatzeagatik ETAko kide izatea egozten diete baina, oraingoz, halakorik ez dute erakutsi. Aurreko asteko lehen bi saioen ondotik, gaur eman diote jarraipena epaiketari; Miren Odriozola azpeitiarra da 21 auzipetuetako bat; joan den osteguneko saioan deklaratu zuen Odriozolak.

Gaurko, akusazioaren lekuko gisa, hamabost polizia zeuden deituta Espainiako Auzitegi Nazionalean, baina haietatik zortzik baino ez dute deklaratu. Gainontzekoak ez dira azaldu; besteak beste, ez zutelako hitzorduaren agiria eskura jaso, "erretiratuta", "oporretan" edo "lanean kanpoan" daudelako, idazkari judizialak esan duenez.

Zortzi horiek bideo konferentziz hitz egin dute, ez aretoan bertan, "lekukoen babesa" lortzearren; gehienak auzitegiko alboko gela batean izan dira eta bakarren bat beste hiri batetik mintzatu da.

Udalbiltzaren aurka 2003ko apirilean egindako operazioan parte hartutako poliziak izan dira deklaratu dutenak baina, oro har, ez ziren askorik gogoratzen ordukoaz. Apenas eman duten zehaztasunik aurkitu zutenaz. Udalbiltzaren egoitzan EHNA agiria egiteko dokumentazioa topatu zutela, horixe izan da eman duten azalpen zehatzena. Bestela, fiskalak eta herri akusazioaren abokatuak egindako galderak baieztatzera mugatu dira. Defentsak ez die galderarik egin.

Goizeko hamarrak pasatxo ekin diote berriro epaiketari, eta hamabi eta laurdenean bukatu da saioa. Bihar segituko dute, hamarretan, atzera akusazioaren lekukoekin -poliziekin-. Ondoren, irailean -7, 8, 9, 14, 15 eta 16an-.

Larraitz Sanzberro auzipetua, besteen ildo beretik

Auzipetuen artetik Larraitz Sanzberro Oiartzungo zinegotzi ohia besterik ez zen falta deklaratzeko, eta gaur mintzatu da epaimahaiaren aurrean. Beste auzipetuek ostegunean eta ostiralean esandakoaren ildo beretik hitz egin du. Alegia, Udalbiltzaren funtzionamendua "gardena" izan zela, hautetsiek hartzen zituztela erabakiak eta ez beste inork, 2001ean Kursaalen egindako batzarreko edukiak 1999ko sorrera ekitaldiko igualak izan zirela eta orduan ere hautetsi independenteek parte hartu zutela, egitasmoaren atzean ETA zegoen susmorik ez zuela sekula izan, Udalbiltzak ez zuela 2003ko udal eta foru hauteskundeetako plataformarik sustatu, udal erakundea ez zela gobernu paraleloa...

Aurreko saioetan auzipetuek berretsi zuten Udalbiltza ez dela ETAren eta Ekinen menpe aritu. "Udalbiltzaren lana beti gardena eta publikoa" izan dela ere azpimarratu zuten. Akusazioen "zorroztasun falta" eta "gezurrak" salatu zituzten, bide batez. Udal erakundea Euskal Herriaren aldeko proiektua dela nabarmendu zuten eta sekula ez dela ideologia bati mugatua egon; "areago, pluraltasuna mantentzen sutsu saiatzen da, sigla politikoen mugak gaindituta".

21 auzipetu

.22 auzipeturekin hasi zen osteguneko saioa, baina epaimahaiak berehala jakinarazi zuen Miriam Campos auzipetua ez duela epaituko. Izan ere, Campos 18/98 auzia-n epaitu eta zigortu egin zuten, eta epaimahaiak dio ezin dela berriro epaitu gauza beragatik -ETAko kidea izatea egozten zioten orain ere-.

Fiskalak eta Dignidad y Justiciak 10 eta 23 urte arteko espetxe zigorrak eskatzen dituzte auzipetuak.

Epaimahaia Javier Gomez Bermudez epaimahaiburuak -Egunkaria auzia-n ere hala izan zen- eta Manuela Fernandez Prado eta Javier Martinez Lazaro epaileek osatzen dute.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu