Eskuz esku, dagozkien eskubideen jabe

Uztarria.eus 2010ko uzt. 21a, 14:07
Atzo arratsaldean Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Mugimenduko, eragile desberdinetako eta hainbat koadriletako kideek eman zuten prentsaurrekoa.

Larunbat honetan, hilak 24, Eskuz esku ekimena izango da, 19:00etan igerilekutik abiatuta

Saninazio festetan ere izango dira Euskal Presoen aldeko ekimenak

"Eskuz esku, dagozkien eskubideen jabe, euskal presoak Euskal Herrira" leloarekin egingo dute Amnistiaren Egunerako deitu duten martxa. Larunbat honetan, hilak 24, izango da Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, eragile desberdinek eta hainbat koadrilek babestutako Eskuz esku ekimena. 19:00etan hasiko da martxa igerileku aurretik, eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez "lekukoa eskuz esku pasatuz, herriko bazter guztiak zeharkatuko ditu ekimenak". Amnistaren Eguna ez da martxarekin amaituko, ordea. 21:00ak inguruan afaria eta ekitaldia izango dira Berdura plazan.

Atzo, asteartea, arratsaldean Amnistaren Aldeko Mugimenduak, eragileek eta koadrilek emandako prentsaurrekoan eskerrak eman zizkieten Pausoz pauso ekimena babestu zuten herritar guztiei: "Pasa den apirilean babes handia lortu zuen Pausoz pauso ekimenak. Azpeitiko 80 eragile eta koadrilek egin zuten bat ekimenarekin, baina Espainiako Entzutegi Nazionalaren aginduz, debekatu egin zuten. Hala ere, eskerrak eman beharrean gaude babesa eman zuten Azpeitiko eragile eta talde guztiei, eta nola ez, Zestoan egun horretan elkartasun oihuak iraun zezan parte hartu zenuten herritar guztiei ere".

Horretaz gain, presoek eta hauen senideek bizi duten egoera "onartezina" bizi dutela azaldu dute: "Onartezina iruditzen zaigu, herritarrek astebururo milaka kilometro egin beharra beraien senide eta lagunak bisitatzeko. Onartezina iruditzen zaigu, gaixotasun larriak dituzten presoak espetxean mantentzea. Onartezina iruditzen zaigu, zigorra bete duten presoei dotrina berriak asmatu eta askatasuna galaraztea. Horien artean dago Juan Karlos Arruti Paterra azpeitiar preso politikoa. 21 urte egitear dago espetxean eta zigor osoa beteta duen arren, 2019ra arte luzatu diote zigorra". Honetaz gain, "gertuko zaizkigu senideek eta herritarrek azken hilabeteetan jasan behar izan duten sufrikario guztia" gaineratu dute Azpeitiko AMMko kideek.

"Herriko festen atarian gauden honetan, ezin gara ahaztu sakabanatuta eta preso dituzten azpeitiarrek bizi duten egoeraz" jakinarazi zuten atzo prentsaurrekoan bildutakoek. Hori dela-eta, festetan ere izango dira euskal presoen aldeko ekimenak: San Inazio bezperan, herriko festetako suziria bota aurretik (11:30ean) elkarretaratzea deitu dute herriko plazan. Abuztuaren 1ean, 10:00etan, elkarretaratzea deitu dute Loiolan, Dagozkien eskubideen jabe, euskal presoak Euskal Herrira lelo hartuta.

Azpeitiko presoak, deportatuak eta iheslaria

Presoak
- Juan Karlos Arruti. (Paterra). Cordobako (Espainia) kartzelan daukate preso, Azpeititik 780 kilometrora. 1989ko irailean atxilotu zuten.
- Gotzon Aranburu. Villenan (Herrialde Katalanak) preso, 760 kilometrora. 2002ko abenduan atxilotu zuten.
- Xabier Etxeberria. (Txapi). Soto del Realean (Espainia) preso, 420 kilometrora. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten, eta 2009ko maiatzean Espainiaratu egin zuten.
- Jabi Agirre. Ocaña I.ean (Espainia) preso, 530 kilometrora. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten Frantzian, eta 2008ko abenduan Espainiaratu egin zuten.
- Joseba Segurola. Osnyn (Frantzia) preso, 880 kilometrora. 2005eko martxoan atxilotu zuten.
- Iker Iparragirre. Bois D'Arcyn (Frantzia) preso, 910 kilometrora. 2007ko uztailean atxilotu zuten.
- Josu Urbieta. (Pow). La Santen (Frantzia) preso, 910 kilometrora. 2010eko ekainean atxilotu zuten.

Deportatuak
- Iñaki Etxarte. Kuban deportatuta.
- Maria Angeles Artola. Venezuelan deportatuta.

Iheslaria
- Juan Manuel Bereziartua. (Pakea)

Askatasunaren weba: www.askatu.org