Iñaki Eskisabel: "Oraingoz, atezain eta erdilari bana fitxatu ditugu"

Uztarria.eus 2010ko uzt. 20a, 19:07
Iñaki Eskisabel, Reala B entrenatzen jardun zuen garaian.

Joan den astean hasi zuen Lagun Onakek aurredenboraldia

Uztarria.comek Iñaki Eskisabel entrenatzaile berriarekin hitz egin du

Espainiako Hirugarren Mailako Lagun Onak Futbol Taldea joan den astelehenean, uztailaren 12an, hasi zen aurredenboraldia prestatzen. Iñaki Eskisabelek (Olaberria, 1966) hartu du Aitor Zulaikaren lekukoa. Hau da, datorren denboraldian goierritarrak zuzenduko du Espainiako Hirugarren mailan ariko den Azpeitiko futbol taldea. Uztarria.comek berarekin hitz egin du:

Azken bi urteetan ez duzu talderik entrenatu. Gogoz al zaude?

Bai, esan duzun bezala bi urte pasatu ditut talderik entrenatu gabe. Esperientzi txar batek utzitako arra nuen barruan, eta ilusioz hasi naiz Lagun Onaken.

Beasainen eta Real Ben ibilia zara. Zer dela-eta Lagun Onakera?

Egia esan, Beasainetik Sansera joan nintzen, eta bi urte pasatu ditut entrenatu gabe. Entrenatzaile asko gaude eta talde gutxi. Aukera eman zidaten, eta 3.maila aukera ona delakoan nago. Inongo dudarik gabe hartu nuen taldea.

Aurretik ezagutzen al zenuen Lagun Onak? Eta jokalariak?

Bai ezagutzen nuen. Futbol munduan galbiltzanok zelai desberdinetan mugitzen gara. Beasainen egon nintzenean partida asko jarraitu nituen, eta Lagun Onak dezente ezagutzen dut. Jokalari asko ere ezagunak ditut. Gainera, jokalarien %90ak jarraitu egingo dute eta horietako batzuk urte batzuk daramatzate taldean.

Azkar hasi duzue aurredenboraldia eta, gainera, bost entrenamendu astean.

Bai, azkar hasi gara, talde profesionalak baino lehenago eta dena. Baina bere arrazoia du. Laster hasiko dira saninazioak, eta oporrak ondoren. Jokalariek oporrak hartuko dituzte, eta nik 6 asteko aurredenboraldia prestatzen dut beti. 7 aste lehenago hasi gara prestatzen, baina jokalari batzuk 6 aste ere ez dituzte egingo.

Fitxaketarik egin al duzue?

Oraingoz, bi egin ditugu. Atezain eta erdilari bana fitxatu ditugu: Atezaina, Jon Irazustabarrena da, eta Eibar Btik dator. Erdilaria, berriz, Asier Otaegi da eta Laudio Sallekon ibili zen joan den denboraldian. Biak ezagutzen ditut, Beasaineko entrenatzaile izan nintzenean han jokatzen baitzuten.

Hala ere, Lagun Onakeko bigarren taldeko 4-5 jokalari ari dira 3.mailako taldean entrenatzen, eta oraindik ezagutzen ez ditudan arren, erabakitzeko dago gurekin jarraitu edo bigarren taldean jokatuko duten.

Zer erronka dituzu denboraldiari begira?

Egia esan, zaila da epe luzerako erronkez hitz egitea. Azken bi urteei begiratuta oso desberdinak izan direla ikusi daiteke. Duela bi urte 3.mailako txapeldun izan zen Lagun Onak taldea, eta meritu handia du horrelako talde bat txapeldun izateak. Denboraldi hark utzitako ondorioa dela uste dut pasatu den denboraldia: berandu bukatu zuten liga eta goizo hasi hurrengoa, kopa ere jokatu zuten...

Aurtengo erronka, besteak beste, joan den denboraldia beren mailaren azpitik bukatu zuten jokalarien konfiantza berreskuratzea izango da. Jokalari horiei konfiantza eman eta denboraldia ondo hasteaz gain, denboraldi polita egitea.