Azpeititik Zaldibira, oinez

Uztarria.eus 2010ko uzt. 13a, 15:07

Datorren ostegunetik zapatura bitartean egingo dute Gazte Martxa

Lehenengo gaua Errezilen pasatuko dute, bigarrena, Legorretan eta, hirugarrena, Zaldibin

Datorren ostegunetik zapatura (uztailak 15, 16, 17) Gazte Martxa antolatu dute Gazte Independentistek. Azpeititik Zaldibira izango da Astindu bandera gorria lelopean egingo duten hiru eguneko martxa.

Ostegunean, Azpeitiatik abiatuko da martxa 09:00etan egingo duten harrera ekitaldiaren ondoren, eta Errezilera joango dira. Hainbat ekitaldi egingo dituzte bertan; bazkaria, tailerrak, hitzaldia, bertso-afaria... izango dira. Ostiralean, uztailak 16, Goierrirantz abiatuko da martxa. Legorretan pasatuko dute eguna eta, bertan, bazkaria, tailerrak, hitzaldia, poesia emanaldia... egingo dituzte. Zapatuan izango da martxaren azken eguna eta Legorretatik Zaldibira joango dira. Zaldibin ongi etorri ekitaldia egingo zaie martxan parte hartu dutenei, eta gauean hainbat kontzertu izango dira martxari bukaera emateko asmoz. Hesian, 'Ze esatek!'eta Des-kontrol taldeen kontzertuak izango dira eta, ondoren, erromeria.

Gaua pasatzeko lekua eta otorduak

Hiru gauak, Errezil, Legorreta eta Zaldibiko frontoietan pasatuko dituzte. Gosaria banatuko dute egunero, baina gainontzeko janaria norberak eraman beharko du.

Gazte martxa gehiago

Lehenengoa izango da Gipuzkoari dagokion martxa, baina udan, beste lau ere izango dira: Bizkaiakoa, Arabakoa, Nafarroakoa eta Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Zuberoakoa.