Amaia Garmendiaren biografia aurkeztu du Uztarriak

Uztarria.eus | Komunikabideak
2010ko uzt. 3a, 13:07

Gaur, larunbata, izan da liburuaren aurkezpena

Xabier Otamendik idatzi du biografia

Amaia Garmendiaren gitarrako ikasleak abesten aurkezpenaren amaieran.  Argazki originala

Amaia Garmendiaren biografia aurkeztu du Uztarria Komunikazio Taldeak gaur, larunbata. Uztarriak 2009ko martxoan hainbat azpeitiarren soslaiak egiteko proiektua jarri zuen abian eta Garmendiarena proiektuko bosgarren alea da. Lehenengoa Julian Bereziartuarena izan zen eta bigarrena, Leo Etxeberriarena. Hirugarrena, Valentina Agirrerena eta laugarrena, Santi Lazkanorena izan zen.

Baigerako aretoan aurkeztu dute bosgarren liburuxka hau eta jende ugari bildu da bertan. Amaiaren senitartekoak ere han izan dira.

Amaia Garmendia pertsona ezaguna da Azpeitia eta inguruetan. Xabier Otamendik idatzi du biografia eta, berak azaldu duenez, “oso gustora idatzi dut liburua”.Otamendik jakinarazi duenez, “esperientzia polita izan da”. Idazleak esan duenez, “oso esperientzia positiboa izan da Amaiaren kontakizunak aztertzea eta, gainera, oraindik ez da bukatu Amaiaren biografia.

Amaia Garmendiak, esker oneko hitzak zuzendu dizkie Uztarriako kideei. "Eskerrik asko nirekin gogoratzeagatik”. Otamendirentzat ere antzerako hitzak izan ditu: “Xabiri eskerrak, lana hartu eta egin duelako”.

Lehen liburua du Xabier Otamendik, eta Uztarriaren helburuetako bat komunikazio munduan dabiltzan azpeitiar gazteei aukera ematea da liburua idazteko.

Aurkezpena amaitu aurretik, Amaia Garmendiaren gitarrako ikasleek bi abesti jo dituzte. Eta giro ederra sortu da Baigerako aretoan.

Udazken inguruan beste liburuxka bat

Liburuxka biografikoen helburuak azpeitiarrak euskarazko liburuak irakurtzera bultzatzea eta ildo beretik, historiaren ondarea jasotzea dira.

Guztira, hamabi-hamalau liburuxkek osatuko dute bilduma. Dagoeneko bost argitaratu ditu Uztarriak, eta seigarrena udazken inguruan aurkeztuko du.

Bazkideek etxean jaso dute dagoeneko Amaia Garmendiaren biografia. Erosi nahi duenak, berriz, herriko liburu dendetan eta Uztarriaren egoitzan eskuratu ahal izango du bost euroren truke.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu