Jesus Larrañaga da EAJren alkategaia

Uztarria.eus 2010ko uzt. 2a, 14:07
Jesus Larrañaga 2011ko udal hauteskundeetarako EAJren hautagaia gaurko prentsaurrekoan.

Zinegotzi izandakoa da eta 51 urte dauzka

Asteazkeneko batzar berezian aukeratu zuten jeltzaleek 2011ko udal hauteskundeetako zerrendaburua

Azpeitiko EAJko alderdikideek Jesus Larrañaga Lesaka Kinttela hautatu dute 2011ko udal hauteskundeetarako alkategai. Asteazkenean egin zuten jeltzaleek batzar berezia, batzokian, EAJko zerrenburua aukeratzeko barne prozesuari bukaera emanez.

"Ilusioz betetako etapa dugu aurrean", adierazi du Azpeitiko EAJk gaur prentsaurrekoan. "Badakigu gure herriak zein motako gobernua nahi duen eta behar duen; horri erantzuten ahalegindu gara eta badakigu gure herriak berriro ere bere konfiantza emango digula".

Azpeitian EAJtik zinegotzi izandakoa da Larrañaga, eta baliabide arduraduna ere izan zen Udalean.

Azpeitiarra da eta 51 urte ditu. Kirol munduan ibilia da (Lagun Onak-en eta Alavesen). Ingeneritza Industrialean Doktoratua da, eta egun Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da Bilbo eta Gasteizko kanpusetan.

Azpeitiko alkateak 1979tik

  • Luziano Lazkano, EAJ (1979-1983).
  • Imanol Elias, EAJ (1983-1985).
  • Jose Maria Bastida, EAJ (1985-2003).
  • Julian Eizmendi, EAJ (2003-2007).
  • Iñaki Errazkin, ANV (2007-2009).
  • Julian Eizmendi, EAJ (2009ko urtarriletik).