Greba ia erabatekoa Azpeitian

Uztarria.eus 2010ko eka. 29a, 13:06
Gaur goizean Azpeitian egin dute mobilizazioetako bat. (Nerea Uranga)

Manifestazioa egingo dute 18:00etan, plazatik abiatuta

Komertzioak eta merkatalgune ia guztiak itxita daude

Gehiengo sindikalak(ELA, LAB, Hiru, EHNE, EILAS eta ESK) egun osoko greba orokorra deitu zuen gaurko, ekainaren 29rako. Goizean hainbat mobilizazio egin dituzte eta 18:00etarako manifestazioa deitu dute, plazatik abiatuta.

Egun osoko lanuztea da gaurkoa, eta goizean goizetik komertzio eta merkatalgune ia guztiak itxita daude. Asteroko azokarik ere ez da egin, plaza hutsik egon da.

Udaletxean ez dira greba jarraitzen ari, eta igerilekua eta kiroldegia ere zabalik daude. Estaligabeko igerilekua, ordea, itxita dago. Anbulatorioan, berriz, gutxieneko zerbitzuak ari dira eskaintzen.

Atzo hasi ziren Udal udaleku irekiek etena izan dute gaurkoan, begirale eta arduradunek greba jarraitzea erabaki zutelako.

Ikastetxe eta ikastoletan desberdina da grebaren jarraipena. Ikasberri Azpeitiko Ikastola gutxieneko zerbitzuak eskaintzen ari da; bai udaleku irekietan eta baita haur eskolan ere. Iraurgi Ikastetxeko haur eskolan ere gutxieneko zerbitzuak ari dira eskaintzen. Karmelo Etxegarai Ikastola, Urola Ikastola eta Iraurgi Ikastetxea, berriz, irekita daude, nahiz eta langileetako batzuk protesta egunarekin bat egin.

Hainbat enpresa ere greban daude.