Iraurgikoak maila ona erakutsita etorri dira ACBko eskolarteko finaletik

Urola Kostako Hitza 2010ko eka. 23a, 12:06
Iraurgi Ikastetxea taldeko Ibon Guridi finalean. (Iraurgi SB)

Finaleko bi partidak larunbat goizean jokatu zituzten;aurrena irabazi eta, bigarrena, galdu

Iraurgi Saskibaloi Elkarteak antolatutako azokan, jende gehien larunbatean izan zen

ACBko Eskolarteko Saskibaloi Txapelketako finalean hartu du parte Iraurgi Ikastetxeak. Badalonan (Herrialde Katalanak) jokatu dute joan den asteburuan, eta handik "gustura" itzuli dira, "maila ona erakutsita". Haientzat finalean parte hartzea bera "sari handia" izan dela esan dute: "Oso esperientzia positiboa izan da, bai kirol aldetik, bai beste taldeekin eta antolatzaileekin izandako harremanagatik".

Iraurgi Ikastetxeko mutilen taldea, ACBko Eskolarteko Txapelketan Gipuzkoako txapeldun gelditu zen. Ondoren, Bizkaiako eta Arabako txapeldunak kanporatu eta Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkari bezala aritu dira Badalonan jokatukotako finaletan.

Ordutegi aldetik ez du zorte handirik izan Azpeitiko saskibaloi taldeak, finaleko bi partidak larunbat goizean jokatu behar izan zituelako. Aurreneko partida, Malagako San Estanislao taldearen kontra jokatu eta hiru puntuko aldearekin irabazi zuten, Ibon Guridik partidaren azkenetan egindako lanari eta bukaeran Imanol Zubizarretak jaurtiketa libreetan lotutako puntuei esker. Iraurgikoek adierazi dutenez, "oso partida gogorra eta borrokatua izan zen, eta antolatzaileen esanetan txapelketako partidarik emozionanteena".

Aurkari "oso gogorrak"

Atseden txiki bat hartu eta bigarren norgehiagokari ekin zioten Iraurgikoek. Oraingo honetan, aurkaria Madrilgo Ramiro de Maeztu izan zuten. "Ikastetxe oso ezaguna, ACBko Estudiantes taldearen harrobia delako. Oso talde ona, oso jokalari altuekin. Gainera, beraientzat aurreneko partida zen gure aurka jokatu zutena", azaldu dute Iraurgi Ikastetxekoek. Aurrekari horiek ikusita ere, borrokarako gogoarekin atera ziren kantxara Iraurgikoak, "dena emanda jokatu genuen", baina aurkaria eta nekea gehiago izan ziren. Hala, hemezortzi puntuko aldearekin galdu zuten Iraurgikoek.

Guridiren lana aipatuta

ACBko eskolarteko txapelketan Iraurgi Ikastetxeko Ibon Guridi jokalariaren lana "oso aipagarria" izan da, "ACBko webgunean txapelketako jokalaririk espektakularrenetakoen artean izendatu dute bera. Lehen partidan 35eko balorazioa egin zuen eta bigarrengoan 22koa".

Garagardo Azokaren "positiboa"

Iraurgi Saskibaloi Elkarteak antolatutako Azkoitiko II. Garagardo Azokak igande arratsaldean itxi zituen ateak. Joan den ostegun arratsaldean ireki zuten eta lau egunez egon zen zabalik. Aurreko urteetan bezalaxe azokak jendearen aldetik harrera ona jaso du. Larunbatean ibili zen jende gehien bertan, antolatzaileek azaldu dutenez.

Atzo eguerdian oraindik ere Garagardo Azokako gauzak jasotzen ari ziren Azkoitiko plazan, eta Iraurgikoek kontuak egiteko dituzte, baina orokorrean balorazio "positiboa" egiten dutela esan dute. "Iaz baino aurrekontu eta laguntza gutxiago izan dugu aurten, baina erakutsi dugu gai garela horrelako ekimenak antolatzeko. Jende mordoak jardun du lanean azokan, eta horretarako gaitasuna badugula erakutsi dugu", esan du Jose Luis Zubizarreta, Xubi, Iraurgi Saskibaloi Elkartekoak. Oraindik ez dakite zenbat diru atera duten bertatik, baina gustura daude Garagardo Azokak izan duen harrerarekin eta bertan egon den giroarekin, "giro ona egon baita".

Azpeitian, udazkenean

Iaz bezalaxe, aurten ere Azpeitian Garagardo Azoka antolatzeko asmoa du Iraurgi Saskibaloi Elkarteak. Kirol elkartetik aurreratu dutenez, Azpeitian urriaren bigarren astebururako prestatuko dute ekimena.