Asier Cuevas eta Rosi Talavera izan dira San Joan jaietako kroseko garaileak

Urola Kostako Hitza 2010ko eka. 21a, 13:06
Asier Cuevas lasterketako une batean. (Urola Kostako Hitza)

Parte-hartzaile ugari eta are ikusle gehiago bildu ziren atzo Urrestillako kaleetan jai giroaz eta kirolaz gozatzeko

Bigarren izan ziren Mouloud Zoinat eta Marisol Ramos, eta hirugarren sailkatu ziren Pedro Muñoz eta Olatz Gabilondo azkoitiarra

Urrestillako San Joan Jaietako Herri Krosean Asier Cuevas Azpeitiko bizilaguna (00:27:32) eta Rosi Talavera (00:34:00) izan ziren garaileak kategoria nagusian. Bigarren izan ziren Mouloud Zoinat (00:28:40) eta Marisol Ramos (00:34:00), eta hirugarren sailkatu ziren Pedro Muñoz (00:28:43) eta Olatz Gabilondo (00:36:47) azkoitiarrak. 8.850 metroko ibilbidea egin zuten korrika senior eta beteranoek.

Kategoria nagusiarekin batera, baina ibilbide laburragoa egiten aritu ziren kadete eta jubenil mailetakoak.

Lasterketan, ordea, 17:15etik aurrera benjamin, alebin eta infantil mailako neska-mutilak ere aritu ziren korrika. Txiki guztiek opari bana jaso zuten lasterketa amaieran egindako lanagatik.

Ia arratsalde osoan zeruak euriari eutsi zion, eta jendetza bildu zen Urrestillako kaleetan eta plazan. Lasterketa amaieran, lehen sailkatuak jada helmugara iritsita zeudela euri zaparrada hasi zuen, ordea, eta jendea aterpeetara erretiratu zen. Dena den, giro ederrean hasi dira Urrestillako festak eta halaxe jarraituko dute datorren igandera bitartean, haurrentzako zein helduentzako egitarau zabalarekin.