Aurkeztu ziren azpeitiar guztiek gainditu dute selektibitatea

Uztarria.eus 2010ko eka. 18a, 14:06

.95 azpeitiar ikasle aurkeztu ziren probara

Uztarria.com-ek ikastetxe eta ikastoletako irakasle eta arduradunekin hitz egin du selektibitatearen inguruan

Azpeitiko 95 ikaslek egin zuten lehenengo deialdiko selektibitatea: Azpeitiko Ikastola Ikasberriko 16 ikaslek, Urola Ikastolako 34k eta Iraurgi Ikastetxeko 45ek. Guztiek gainditu dute aurtengo proba, berrikuntzak izan arren.

Hainbeste buruhauste sortzen dituzten hautaprobak izan ziren joan den astean, ekainaren 9, 10 eta 11n. Aurten aldaketak izan dira probetan, bitan banatu baitute selektibitatea; proba orokorra eta proba espezifikoa. Unibertsitateko ikasketak egiteko notarik behar ez dutenek proba orokorra eginda nahikoa zuten. Aldiz, ikasketak egiteko nota behar dutenek espezifikoa ere egin beharra izan zuten.

Berrikuntzaren inguruan hitz egin dute ikastetxe eta ikastoletako irakasle eta arduradunek Uztarria.com-ekin:

Azpeitiko Ikastola Ikasberriko 2. batxillergoko tutore Alberto Lizeagak jakinarazi duenez, "aldaketa nabarmena izan da, probak ere aldatu egin baitira. Bi zati izan ditu, eta hori ere berrikuntza da. Guri ere eragin digu, dena berria izan delako, baina emaitzetan ez da alderik izan. Gustura gelditu gara".

Urola Ikastolako ikasketa burua da Urrategi Zabala, eta honen aburuz, "aldaketa orain ikusiko da. Izan ere, joan den urteko batez besteko notak ditugu erreferentzia gisa, eta orain dena aldatuko da. Ez dakigu batez bestekoa nola geldituko den. Ikusteko dago. Hala eta guztiz ere, pozik gaude".

Iraurgi Ikastetxeko batxilergoko koordinatzaile Mertxe Goikoetxeak honakoa adierazi du: "Berria da guztia, eta aldea denean somatu dugu. Ikasleak, agian, lasaiago egongo ziren nota behar izanez gero espezifikoa hor zegoelako. Egia esan, ez dakigu hobeagoa edo txarragoa izango den, ezta ikasleek nahi dutena egitea lortuko duten ere. Dena den, hurrengo urteetan hobeto ikusiko ditugu aldaketak".