Bertako eta garaiko produktuak sukaldatzeko ikastaroa

Uztarria.eus 2010ko eka. 8a, 13:06

Ekainaren 15, 16, 17 eta 18an izango da ikastaroa, debalde

Izena ekainaren 14a baino lehen eman behar da

Baratzezaintza ekologikoko ikastaroak amaitu direnez, eta bertan parte hartu dutenek baratza lantzen ikasi dutenez, beste pauso bat emateko aukera izango da hil honen erdialdean.

Baratzean landutako produktuak sukaldean nola prestatu ikasteko parada izango dute nahi dutenek, baina ez da betiko sukaldaritza ikastaroa izango, bertako eta garaiko produktuen erabilera sustatzeko sukaldaritza ikastaroa baizik.

Ekainaren 15, 16 eta 17an Ardozaleak Elkartean izango dira eskolak, eta 18an azokan. Egunero 18:00etatik 20:00etara izango dira saioak. Irakasleak Jai Alai eta Kiruri jatetxeetako sukaldariak izango dira, SlowFood Amalur Gipuzkoako kide eta sukaldari Fede Pacha eta Visi Irizarrekin batera.

Sukaldaritza ikastaroan parte hartu nahi dutenek Ingurugiro Etxea Fundazioan (943151713) eman behar dute izena ekainaren 14a baino lehen, eta ikastaroa doakoa izango da.