Balkoi eta leiho dotoreenak sarituko dituzte

Uztarria.eus 2010ko eka. 1a, 12:06
Iaz balkoi berritzailena saria jaso zuen balkoia. (Urola Kostako Hitza)

Loraldi lehiaketa jarri du abian Udalak, eta hiru sari banatuko dituzte

Lehiaketan parte hartzeko etxeko leiho eta balkoiak lore, igokari eta bestelako landarez janztea nahikoa da

Aurten ere, Azpeitiko Udalak, Loraldi balkoi eta leiho lehiaketa 2010 jarri du martxan. Aurtengoa lehiaketa egiten den bigarren aldia da, iaz antolatu baitzuten aurrenekoz. Lehiaketa horren bitartez, uda eta udaberri sasoian euren balkoi eta leihoak ondeen apaindu dituzten herritarrak sarituko dituzte. Beste helburuetako bat, antolatzaileen arabera, “naturarekiko gertutasuna berreskuratzea, landareekiko errespetuzko jarrerak berpiztea eta aldi berean zure etxea eta gure herriaren txoko ezberdinak dotorezia eta kolorez janztea da”.

Loraldi lehiaketan parte hartzeko etxeko lehio edo balkoiak lore, igokari edo beste landarez jantzi besterik ez dago. Hori bai, uztailerako loreek euren oparo aldian egon beharko dute. Horrela, epaimahaiak interesgarrienak aztertu eta baloratu ahal izateko.

Balkoen aukeraketa

Uztailaren 5etik 9ra egingo du aurreaukeraketa epaimahaiak, eta uztailaren 12a eta 21a bitartean aukeratutako balkoi eta leiho horiena argazki erakusketa bat egingo da. Erakusketan, herritarrek, euren gustukoenari botoa emateko aukera izango dute, eta iritzi desberdinak bildu ostean, irabazleen izenak uztailaren 25ean ezagutuko dira.

Hiru sari emango ditu Udalak: balkoi edo leiho berritzaileenari, tradizionalenari eta herritarren saria. Guztientzan sari berdina izango da: bi lagunentzat nekazal etxe batean gau bat eta egun bateko pentsio osoa, edo aurrekontu berarekin herriko lore denda batean erosketak egiteko bale bat.

Iaz aukeratu zituzten balkoi eta leihoen argazki bilduma ikusteko egin klik hemen