Ikasitakoa erakutsiz

Urola Kostako Hitza 2010ko mai. 31a, 11:05
'(Lo)turak' antzezlaneko une bat. (Nerea Uranga)

Azpeitiko Emakume Mahaiak antolatu eta Parekidetasun Sailak bultzatuta, ikasturte bukaerako jaialdia egin dute

Modu horretan, ikastaroetan ikasitakoa eta egindakoa jendaurrera atera dute

Eskulanen ikastaroetan egindako lanekin erakusketa irekiz ekin diote Azpeitiko Emakume Mahaikoek ikasturte bukaerako aurtengo jaialdia, Parekidetasun Sailak lagunduta. Erakusketa Betharrameko aretoan ireki zuten, herenegun. Horrekin batera, gitarra ikastaroko ikasleek, Amaia Garmendia irakaslearekin batera, emanaldia egin zuten bertako oholtzan. Hainbat euskal doinu jo zituzten gitarrarekin, baita abestu ere. Ordurako, aretoko aulki ia denak beteta zituzten ikus-entzuleek.

Gitarra kontzertua bukatu eta Emakumeen Antzerki tailerrekoen emanaldia hasi zen. Aretoa bete-bete eginda zegoen, eta atzeko txokotik atera behar izan zituzten aulkiak.

Alaitz Olaizola gidari duten Antzerki tailerrekoek zazpigarren antzezlana estreinatu dute;(Lo)turak izeneko lana. Hamabi emakumek hartu dute parte ikastaroan eta antzezlanean. Helduak eta gazteak elkarlanean aritu dira lehen pausoak ematen. Obraren estreinaldiko ikusentzuleen artean ere antzematen zen hori, jende gazte asko joan baitzen herenegun antzerkira.

Estreinuaren aurreko astean egunero-egunero entseatu zuten. Urrian hasi zituzten antzerki ikastaroko saioak eta ariketak egin bitartean azken emaitza izan denaren ideiak bildu zituzten. (Lo)turak antzezlanean pertsonek dituzten loturei buruz hitz egiten dute: "Bizitzan ditugun loturak eta horien aurrean hartzen ditugun jarrera desberdinei buruzkoa da antzezlana". Loturak eta jarrerak kontatzeko, sardinak lataratzen dituen enpresa batean kokatu dute lana. Langile guztiak emakumeak dira, eta enpresako nagusia, berriz, gizonezkoa. Estutasunean hartutako jarrerek ikus-entzuleen barrea sorrarazi zuten Betharramen. Ikasturte bukaerako jaialdiari amaiera emateko, afaltzeko 80 emakume inguru bildu ziren joan den ostiralean.