Lander Lasa: "Taldea indartsu dago, eta gogoarekin"

Uztarria.eus 2010ko mai. 27a, 13:05
Iraurgi Saskibaloi Taldeko kideak atzo Donostian eman zuten prentsaurrekoan. Ezkerrean behean aurrena, Lander Lasa. (Iraurgi Saskibaloia)

Iraurgik larunbatean jokatuko du Zilarrezko LEBera igotzeko azken kanporaketako joanekoa, Gandiaren aurka (Azpeitia, 18:30)

Sarrerak eros daitezke dagoeneko Iraurgiko tabernan eta Donostiako GBCn

Larunbat honetan jokatuko du Lan Mobel Iraurgik Gandiaren aurka Zilarrezko LEB Mailara igotzeko azken kanporaketako joanekoa. Azpeitiko kiroldegian izango da, 18:30etik aurrera, "Etxeko azken partida da, urte osoan animatu gaitu jendeak, eta orain ere beharko dugu. Ahelgin txiki bat egin beharko da asteburu honetan ere, izugarria izango da-eta", dio Iraurgiko zuzendaritzak.

Sarrerak Iraurgiko tabernan eta Donostiako GBCn eskura daitezke dagoeneko. Bazkideek bost euro ordaindu beharko dituzte eta besteek zortzi. Sarrerak larunbatean kiroldegian ere izango dira salgai.

Datorren astean Gandian jokatuko dute itzuliko partida. Valentziako erkidegoan (Herrialde Katalanak) dago Gandia herria, eta 80.000 biztanle inguru dauzka. Aipatutako saskibaloi kluba 1993an sortu zuten.

Bi kanporaketa gainditu dituzte bi taldeek.

Uztarria.com-ek Lander Lasa Lan Mobel Iraurgi taldeko jokalari tolosarrarekin hitz egin du:

Nola ikusten duzu Gandiaren aurkako kanporaketa?

Ez da partida erraza izango. Gandian jokalari gutxi dira, baina onak. Gogorra izango delakoan nago, baina ea ateratzen dugun.

Indartsu zabiltzate igoera fasean.

Egia esan, denboraldia luze egiten ari zaigu eta nekea antzeman egiten da. Taldea indartsu dago, ordea, eta gogoarekin.

Denboraldi ona egiten ari zarete, zeu ere bai. Gustura al zaude?

Joan den denboraldian minutu gutxi batzuk jokatu nituen, baina orain entrenatzaileak konfiantza du nigan. Lagun Arorekin entrenatzen aritzeak segurtasuna eman dit eta pozik nago Azpeitian, gustura.

Etxeko partidetan zaleek laguntzen al dute?

Afizioak asko laguntzen du. Joan den asteko partidan ere lagundu zigun, eta eskertzen da. Ea kanporaketa honetan ere laguntzen digun.