Nazioarteko txokoen collage-a

Urola Kostako Hitza 2010ko mai. 21a, 12:05
Udane Juaristi artista azkoitiarra Betharram aretoan, bere margolanen aurrean. (Nerea Uranga)

Udane Juaristi artista azkoitiarraren Txokoak erakusketa ikus daiteke etzi bitartean, Azpeitiko Betharrametan

Juaristiren esanetan, "orokorrean oso harrera ona izan dut"

Orain arteko joera artistikoari eutsiz, hiriko paisaiak islatu ditu Udane Juaristi artista azkoitiarrak Txokoak erakusketan. Maiatzaren 10ean zabaldu zuen bere azken proiektua Azpeitiko Betharram aretoan, eta etzi bitartean bisitatu daiteke; gaur 18:00etatik 20:00etara eta asteburuan, berriz, 12:00etatik 14:00etara. Pintura eta argazkiak nahasten diren dozena bat irudi estandar bildu ditu bertan. "Nire aurreko margolanetan bezalaxe, honetan ere teknika mistoa erabili dut; hau da, guztia olio pinturaz landu beharrean, argazkiak eta collage-a ere erabili ditut. Aipatutako teknika nire lanaren ezaugarri nabarmena da", aditzera eman du Juaristik.

Erakusketaren izenburuari jarraiki, hirian ohiko diren hamaika txoko erakusten ditu bere lanetan. Horietan, besteak beste, bizikletak, tranbiak, autoak, kale zaharrak eta eraikuntzak ageri dira; tartean, erretraturen bat edo beste ere bai. Aukeratu dituen paisaiak, gainera, etxetik nazioartera hedatzen dira: "Gertutasuna emate aldera, Azpeitiko zenbait irudi erabili ditut, baina gainerakoak, ordea, hiri handiagoak dira: Berlin, Paris, New York... Egia esan, nazioarte ikuspegia duen proposamenak ateratzen zaizkit. Izan ere, egiten ditudan bidaietan ateratako argazkiak aprobetxatzen ditut koadroak egiteko orduan".

Kolorean dago berrikuntza

Erakusketa honetarako landu dituen margolanetako koloreak "aldatu" egin direla nabarmendu du artista azkoitiarrak: "Hasieran kolore oldarkorragoak edo beroagoak erabiltzen nituen; gorriak, okreak eta abar. Oraingo honetan, urdin asko ageri da, baita arrosa ere. Pixka bat alaitu egin dira nire lanak. Pertsona aldatzen joaten da, eta margotzen duzun boladaren arabera, ezberdin ateratzen zaizu. Azkenean, pintura pertsonaren islada da, eta pertsona aldatzen bada, bere pintura ere aldatu egiten da".

Juaristiren margolanek hamar egun daramatzate zintzilik Betharramen, eta hasiera-hasieratik iritzi baikorrak jaso ditu: "Orokorrean, oso harrera ona izan dut. Harritu egin nau jendea nigana etortzea, dela zorionak ematera, dela nire proposamena gustatu zaiela esatera". Arrakastak bere fruitua eman du eta dagoeneko erakusgai dituen hiru koadro saldu ditu.

Erakusketan jarri dituen margolanak ekoitzi dituen azkenengoak dira, azken hiru hilabetetan landutakoak. Bestalde, joera artistiko bera duten hainbat lan ere badu Azpeitiko Bankinter bankuan, Loiolako Uranga jatetxean eta Donostiako Gros auzoko Lumalaru tabernan; horiek ez dute inolako epe zehatzik, eta modu iraunkorrean daude erakusgai. Juaristiren hitzetan, "aurretik egindakoak dira, baina horiek ere hiri paisaia irudikatzen dute gehienbat. Joera ez da gehiegi aldatu; beharbada, orain erabilitako koloreak izan dira ezberdinak".

Erakusketa berriak

Txokoak erakusketa igandean bukatuko da, baina udazkenera begira baditu beste erakusketa batzuk Juaristik esku artean. Irailean, esaterako, Soraluzeko Oreka Art galerian erakutsiko ditu bere margolanak eta urrian, berriz, Bergarako Nahikari tabernan. "Uda sasoia aprobetxatuko dut erakusketa horietako koadroak lantzeko", dio margolari azkoitiarrak.

Horrek esan nahi du bidaiaren bat egingo duela datozen hilabeteetan: "Bai, hala da. Aitzakia hori kontuan hartuta bidaiatzen dut normalean. Ekainean, esaterako, Madrilera noa ikastaro bat egitera eta, han nagoela, argazki batzuk ateratzeko aprobetxatuko dut, baita hango arte galerietan nire lanak aurkezteko ere. Ea Madrilgo paisaiak inspiratzen nauen!".