Plan Orokorraren kudeaketan "blokeorik ez" dagoela esan du EAJk

Urola Kostako Hitza 2010ko mai. 17a, 11:05

EAJko zinegotziek agerraldia egin dute eta Azpeitiko EAJk oharra atera du, ezker abertzalekoei erantzuteko

"Errazkinek egindako hanka-sartzea ezkutatzeko, gezurra esan dute", dio EAJk

Azpeitiko Udaleko EAJko Udal taldeak eta Azpeitiko EAJk atzo azaldu zutenez, "Azpeitiko Herriaren Antolaketarako Plangintza Orokorraren kudeaketan ez dago blokeorik". Ezker abertzaleko hautetsiek asteazkenean egindako agerraldian esandakoa "gezurra" dela diote. EAJko Udal taldearen izenean Julian Eizmendi alkateak adierazi duenez, "markatutako epeetan gabiltza eta ez dago blokeorik, eta Udaleko Hirigintza Batzordean ere ez du inork inoiz kontrakorik esan".

Iazko uztailaren 23an Azpeitiko Hirigintzako Plan Orokor berria egitea erabaki zuen Udalbatzak. "Erabakia hartu eta hurrengo egunetan tramiteko aurrenengo urratsak eman ziren, eta irailean Plana egiteko ekipo teknikoa hautatzeko lanari ekin genion", esan du Eizmendik. Ekipo teknikoa osatu eta bi astetik behin antolaketa bilerak egin dituztela adierazi du, "ipinitako urratsak betez eta talde teknikoak Hirigintza Batzordean aurkeztutako eta onartutako egutegiaren arabera".

Hasierako fasea prestatzen

Une hauetan, hasierako fasea prestatzen ari direla gaineratu du alkateak: "Herriaren hirigintza antolamendurako dauden aukerak eta ikuspegiak zehazten ari gara orain". Ekipo teknikoak joan den apirilaren 27an Udaleko Hirigintza Batzordean proposamen batzuk zehaztu zituela azaldu du: "Hil honetan Hirigintzako Batzordean hasierako alternatibak zehazteko gelditu ginen".

Zehaztasunak erabakita dituztenean, Udal Plangintzarako Aholku Batzordera pasatuko dituzte, horrek bere iritzia emateko. Era berean, alternatiba zehatz horiek jendaurrean jarriko dituztela adierazi zuen alkateak. "Ekainean jendaurrean jartzea espero dugu, eta bi hilabetez egongo dira ikusgai, herritarrek euren iritzia eman dezaten". Gero, iritzi guztiak aztertuta zein alternatiba jarraitu erabakiko dela azaldu du. Hurrengo pausoa, berriz, Udalbatzak Plangintza Orokorrari hasierako onespena ematea izango da, eta berriro jendaurreko epea zabalduko dute.

Plan Orokor berria egiteko pausoak egutegiaren baitan ematen ari direla eta "blokeorik ez" dagoela nabarmendu du. "Kontua da, ezker abertzalekoek Plana urtebetean burutu zitekeela esan zutela, eta hori zientzia fikzioa da", esan du alkateak.

Eizmendik esan duenez, Plan Orokorra urtebetean egitea "ezinezkoa" da. "Bere garaian ere esan genuen gutxienez bi urte beharko genituela, eta oraingo ekipo teknikoak ere horrela aurreikusten du bere plangintzan", azaldu du epeez. Iaz, Udaleko bozeramaile guztiak Eusko Jaurlaritzara joan zirenean hiru urte ere beharko zituztela esan ziela gogorarazi du alkateak.

EAJ: "Gezur borobila diote"

Azpeitiko EAJk ateratako prentsa oharrean adierazi duenez, Herriaren Antolaketarako Plangintza Orokorra idazteko lanetan blokeoa dagoela "gezur borobila" da.

Arau Osagarrien inguruko arazoa "errotik konpontzeko", Azpeitiko EAJk "proposamen garbia eta erraza" egin zuela gogorarazi dute. "Errazkinek aipatzen duen ikerketa ekonomiko-finantzario hori egin eta onartu, eta horrela arazoa konponduta geldituko zen. Hori ez zen horrela egin, eta horrek ekarri du herria urte hauetan guztietan geldituta eta beti zalantza egoeran egotea. Baina EAJri egurra ematea zen komeni zena. Eta ez gaitezen sartu Plan berria egiteak dakarren gastuarekin...".

Azpeitiko EAJk dioenez, IƱaki Errazkinek uztaileko udalbatzarrean Plan Orokor berria urtebetean egingo zela adierazi zuen, eta orain agertzen ari den "errealitate juridiko eta urbanistikoak horixe erakutsi du: esan zituen epeak bete ezinak direla". Orain, "Errazkinek egindako hanka-sartzea ezkutatzeko, gu oztopoak jartzen ari garela esan behar, gezurra izan arren", kritikatu du EAJko ordezkariak. Plana egiteko bete beharreko epeak "zehatz eta zorrotz" betetzen ari direla azpimarratu dute jeltzaleek.

"Aspaldiko taktika"

Bestalde, EAJren barruan bi zati daudela eta horrelakoak esatea, ezker abertzalekoen "liskar bideak sortzeko aspaldiko taktika" dela salatu du Azpeitiko EAJk. EAJ "alderdi demokratikoa" dela eta haren afiliatuek beren iritziak "argi eta garbi" adierazteko ohitura dutela nabarmendu dute jeltzaleek. "Normala den bezala, ikuspegi desberdinak ager litezke tratatutako gaietan, baina denen artean eztabaidatzen dira eta erabaki bateratura iritsitakoan, denok jarrera bateratu hori defendatzen dugu", gaineratu dute.

Ezker abertzaleak bere barneprozesuan jardun duenean, "pake-pakean" utzi dituztela azaldu dute jeltzaleek, "baina besteei pakean uzte hori ez da, nonbait, etxeko jarrera".

Hauteskundeetarako bidean

2011ko Udal hauteskundeetara begira, EAJk barne-prozesua irekia duela azaldu du, eta bere garaian alkategaien eta zinegotzigaien zerrendaren berri emango dutela esan dute jeltzaleek. Gainera, ziur daude "herriaren babes osoa" lortuko dutela: "Gehiengo osoarekin lortuko dugu, orain udal-maila guztietan oposizioko taldeen aldetik dagoen blokeoegoera tamalgarri honi buelta emateko, herriak gogokoena duen gidaritza berreskuratzeko", gaineratu du Azpeitiko EAJk ezker abertzalekoek esandakoei erantzuteko ateratako oharrean.