Nepaleko haurrei laguntza emateko, futbolean

Uztarria.eus 2010ko mai. 17a, 11:05
Nepaleko haurrak eskolan. (Idoia Unanue)

Futbol-7ko txapelketa antolatu dute Nepaleko umezurztegiei laguntza emateko

Maiatzaren 29 eta 30ean izango da txapelketa, baina parte hartzeko hilaren 20rako eman behar da izena

Euskal Herritik hainbat familia joan ziren Nepalera duela urte batzuk. Hango haurren bizimodu larria eta umezurztegietako egoera ikusita, zerbait egin beharra zegoela sentitu zuten.

Azpeitiar batzuei ere Nepalera egin zuten bidaiak begiak ireki zizkien. Haurrek bizi duten egoera ezagututa, zerbait egiteko premia sentitu zuten, Nepaleko haur haiei lagundu beharra. Hori dela eta, lanean hasi ziren. Child Bright fundazioarekin bat egin, eta haiekin elkarlanean hastea erabaki zuten azpeitiarrek.

Ideia ugari, baina nondik hasi jakin ez eta, azkenean, futbol-7ko txapelketa antolatzea erabaki zuten lan taldean. Urratsak emateko garaia iritsi zenez, elkartasunezko futbol partida bat antolatzea otu zitzaien. Ekimen honekin, Child Bright fundazioari laguntza emateaz gain, fundazio horren lana ezagutaraztea dute helburu. Hala jakinarazi du Idoia Unanue antolakuntzan dabilen kideak: "Ahalik eta jende gehienak parte hartzea da guk nahi duguna. Baita fundazioaren lana erakustea ere".

Maiatzeko azken asteburuan izango da (maiatzak 29 eta 30), Garmendipeko zelai artifizialean. Izena emateko epea maiatzaren 20an amaituko da, eta bitartean, Azpeitiko Zuhatz, Iraurgi eta Kiroldegiko tabernetan eman daiteke izena. Zarauzko Eguzki eta Urretxuko Osaba kafetegietan ere bai. Taldeko 60 euro ordaindu beharko dira, eta noski, diru hori Child Bright erakundeak laguntzen dituen umezurztegietara bideratuko dute.

Momentuan, azpeitiarrez osatutako taldeez gain, Urretxu, Zumarraga eta Andoain taldeek ere eman dute txapelketan parte hartzeko izena. Futbolean jokatu nahi ez duenak, baina diru laguntza emateko prestutasuna duenak, Banestoko 00301036830002483271 zenbakian egin beharko du bere ekarpena. Horrez gain, txapelketa egunetan ekarpenak egiteko itxulapikoak izango dira eta kamisetak ere salduko dituzte.

Informazio gehiagorako egin klik hemen.