Uztailaren 15ean hasiko da Udalbiltzaren aurkako epaiketa

Berria.info, uztarria.com | Politika
2010ko mai. 13a, 16:05

Uztailean beste hiru saio egingo dituzte eta irailean besteak, guztiak Espainiako Auzitegi Nazionalean

Miren Odriozola azpeitiarra eta Xarlo Etxezaharreta hazpandarra daude orain zazpi urte abiatu zen operazioan auzipetuta, beste hogei lagunekin batera

Udalbiltzaren aurkako epaiketak badu hasiera eguna: uztailaren 15a (osteguna). Hala jakinarazi die auzipetuen abokatuei gaur Espainiako Auzitegi Nazionalak, auto baten bidez. Hil bereko 16, 22 eta 23an ere saioak izango dira, eta irailean jarraituko dute -7, 8, 9, 13, 14 eta 15ean-.

Madrilen izango da epaiketa, Auzitegi Nazionalean, Javier Gomez Bermudez dela epaimahaiburu, Egunkaria-ren itxiera kasuan bezala.

.22 auzipetu daude Udalbiltzaren kontrako auzian; tartean, Miren Odriozola azpeitiarra eta Xarlo Etxezaharreta hazpandarra. Fiskaltzak 240 urteko espetxe zigorrak eskatu ditu auzipetuen aurka, 10 eta 15 urte artekoak. 2007ko irailean egin zituen eskaerak. Uztarria aldizkariak Odriozola eta Etxezaharreta elkarrizketatu zituen 2008ko otsaileko zenbakian.

2003ko apirilaren 29an egin zuten Udalbiltzaren aurkako operazioa, Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak aginduta. ETArekin harremanak izatea egozten diote. Espainiako Poliziak zortzi lagun atxilotu zituen egun hartan. Halaber, Udalbiltzak Oiartzun eta Astigarragako udaletxeetan zituen bulegoak itxi zituzten, diru kontuak blokatu zizkioten, eta Euskal Garapen eta Kohesio Fondorako batuta zituen 400.000 euroak ere bai.

Lizarra-Garazi garaian, 1999ko irailaren 18an sortu zuten Udalbiltza Euskal Herriko udalen erakundea EAJ, EA, ezker abertzaleko eta ABko hautetsiek; hautetsi independente batzuk ere baziren. ETAk 1999 bukaeran su-etena hautsi ondoren, Udalbiltza zatitu egin zen: EAJ eta EA batean geratu ziren, ezker abertzalekoak bestean; Garzonek honen aurka egin zuen 2003an.

Informazio gehiago: Berria.info

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu