Sendagaien erabilera hobetzeko programa jarri du martxan Udalak

Urola Kostako Hitza 2010ko mai. 12a, 12:05
Udaleko eta Gipuzkoako Botikarien elkargoko ordezkariak. (Nerea Uranga)

Gizarte Zerbitzuek, momentuz, etxez etxeko laguntza jasotzen dutenei eskainiko die zerbitzu berria

Gaur egun 105 dira etxez etxeko laguntza jasotzen duten azpeitiarrak

Azpeitiko Udalak eta Gipuzkoako Botikarien Elkargoak hitzarmena sinatu berri dute. Horren helburua Azpeitian etxez etxeko laguntza jasotzen duten pertsonek sendagaiak modu egokian erabiltzeko programa martxan jartzea da.

Programaren bitartez, etxez etxeko laguntza jasotzen dutenei sendagaiak eskuratzen lagundu nahi diete. Medikuak agindutako tratamendua modu egokian jarrai dezaten, izan ere, hainbat modutara lagundu behar zaiela uste dute sinatzaileek: botikak erosterako orduan, kontserbatzerakoan edota sendagaiak hartzeko.

Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Ana Mendizabalek adierazi duenez, "hasiera batean etxez etxeko laguntza jasotzen dutenei zuzendutako programa da, baina bigarren fasean jende gehiagori zabalduko diogu".Dena den, zerbitzua boluntarioa da. Gaur egun, 105 dira etxez etxeko laguntza jasotzen duten azpeitiarrak.

Botikarien garrantzia

Herriko botikariek garrantzi handia izango dute programan, etxez etxeko laguntza jasotzen duten eta tratamendua jaso behar duten gaixoekin harreman zuzena izango baitute. Botikariek gaixo bakoitzaren tratamenduaren araberako blister-ak egingo dituzte; hamabost egunetan hartu behar dituzten sendagai guztiak biltzen dituen administratzaileak dira blister-ak, eta sendagileak agindutakoaren arabera egingo dituzte, gaixo bakoitzari dagokion tratamendua bermatzeko.

"Ospitalera eramaten dituzten 10 lagunetik 7 sendagaiak gaizki hartzeagatik ingresatzen dituzte", azaldu du Gipuzkoako Botiken Elkarteko zuzendari Patxi Etxebestek. Horren aurrean, halakoak ekiditea du helburu programak. Hori hala, bakoitzak bere tratamendua behar bezala hartzea bermatu nahi dute. Etxez etxeko laguntzaileez gain, gaixo bakoitzak botikaria aukeratu ahal izango du, eta hark jarraipena egingo dio.

Tratamendu fitxak

Zerbitzua baliatu ahal izateko, herritarrek Gizarte Zerbitzuekin harremanetan jartzeaz gain, Gipuzkoako Botikarien Elkargoaren egiaztagiria duen botika aukeratu beharko dute. Erabiltzaileek baimen dokumentua sinatuko dute eta bakoitzari elkarrizketa egingo diote dituen gaixotasunei eta hartzen dituen sendagaiei buruzko informazioa lortzeko. Informazio hori aldatu egingo dute gaixoaren tratamendua aldatzen den heinean.