Larunbatean egingo dute III. Lore Azoka, ekimena indartzeko helburuarekin

Urola Kostako Hitza 2010ko mai. 5a, 12:05

Sanjuandegiko Jose Antonio Agirre plazan, 09:00etatik iluntzera arte izango dira lore eta landare saltzaileak

Eguraldi txarra izanez gero, karpak jarriko dituzte

III. Lore Azoka larunbat honetarako antolatu du Xanjuandegi Auzolanean auzo elkarteak. Bide Ona kultur elkarteak bere garaian martxan jarritako ekimenari iaz heldu zioten zenbait urtetako etena moztuz, eta aurten heldutako bide horri jarraitzea erabaki dute. Elkarteko kideen esanetan, "ekimena indartzea da helburua".

Auzo elkartearen gainerako ekimenak bezala, hau ere "auzoari bizitasuna emateko" antolatu dute. Loreen eta landareen azokan aurreko urteetatik berrikuntza handirik ez dagoela jakinarazi dute; hala ere, jende asko erakartzen du azokak, eta larunbatean ere mugimendu hori lortzea espero dute.

Dena prest dute Xanjuandegi Auzolanean taldekoek larunbaterako. Eguraldi txarra izanez gero, karpak jartzeko asmoa ere agertu dute. Beraz, herritarrek aitzakia gutxi izango dute bertara ez gerturatzeko.

Pixkanaka handitzea helburu

Lore azoka arrakastatsua dela uste dute antolatzaileek, eta aurreko urteetako balorazio ona egin dute: "Jendea etortzen da, bai ikustera, bai buelta bat ematera eta, baita erostera ere. Sailtzaileak gustura gelditzen dira, behintzat".

Ekimena indartzeko asmoa dute, gainera. Lore azoken urteko egutegia eginda egoten da, eta "Sanjuandegikoa oraindik oso txikia den arren, egutegi horretan tokia hartu nahi dugu pixkanaka- pixkanaka".

Rallysprinta ere egun berean

Aurten, gainera, Ikasberriko Rallysprinta ere egun horretan bertan izango dela gogorarazi dute elkartekoek, eta auzoak protagonismo bikoitza izango du, beraz, "Jim Clarck tabernaren aurrean jartzen dituztelako proban parte hartuko duten autoak eta jende asko erakartzen duelako horrek". Azokako giroa alaitzeko, berriz, azoka gunean bertan musika jarriko dute bozgorailuetatik.

III. LORE AZOKA

]Eguna.Maiatzak 8, larunbata.

-Lekua. Jose Antonio Agirre plazan.

-Ordutegia. 09:00etatik 20:00etara arte, gutxi gorabehera.

-Parte-hartzaileak. Sei enpresa edo parte-hartzaile izango dira aurten (iaz baino bi gehiago). Nagusiki Gipuzkoako hainbat txokotatik etorriko dira parte-hartzaileak (tartean Urrestilla auzoan enpresa duen Kimu Bat).