Saharatik Azpeitira

Uztarria.eus 2010ko mai. 4a, 13:05
Haur sahararrak Tindufeko errefuxiatu-kanpamenduetako eskolan. (Ihintza Agirretxe)

.8 eta 12 urteko haurrak hartu nahi dituzten familiek, lehenbailehen eman behar dute izena

Izen emateko epea azken egunetan da, dagoeneko

Azpeitiko Khamar Sahararen Aldeko Elkartea haur sahararrak Euskal Herrira ekartzeko harrera familia bila dabil. Udako bi hilabetetan etortzen dira Azpeitia eta eskualdeko herrietara, Oporrak Bakean programaren bidez.

.8 eta 12 urte bitarteko haurrak etortzen dira uztaila eta abuztua pasatzera Euskal Herrira. Harrera familia izan nahi dutenak izena emateko aukera dute oraindik. Horretarako, 677 703 618 zenbakira deitu besterik ez dute.

Haur sahararren udako egonaldien inguruan hitz egin du Uztarria.com-ek Maite Azpiazu Khamar Sahararen Aldeko Elkarteko kidearekin.

Khamar Sahararen Aldeko Elkarteak zertan datzan ez dakienari, nola azalduko zenioke zer den?

Izenak dion bezala, herri sahararraren alde egiten dugu lana. Bai, hemen eta baita Tindufeko errefuxiatu-kanpamenduetan ere. Hemen, beraiek jasaten duten injustizia ezagutaraztea eta salatzea dugu helburu. Tindufeko errefuxiatu- kanpamenduetan, berriz, ordenagailu-gela jartzeko proiektua dugu esku artean. Auserd wilayako (kanpamentua) Güera dairako (herria), Mohamed Bashari eskolan, hain zuzen.

Urtean zehar zenbat ekimen antolatzen ditu Khamar-ek?

Urtero, azken 2-3 urteetan bezala, janari-bilketa egiten dugu. Oso garrantzitsua da janaria bidaltzea, azken urteotan nazioarteko erakundeek laguntzak asko gutxitu baitituzte. Horren eraginez, gero eta garrantzia handiagoa du herritarren elkartasunak.

Janari-bilketarekin batera Sahararen aldeko elkartasun astea ere antolatu izan dugu, eta ekimen ezberdinak egiten ditugu aste horretan. Horretaz gain, udan haur sahararrak Azpeitira ere ekartzen ditugu.

Zenbat urte daramazkizue Oporrak Bakean programa antolatzen?

Talde nahiko berria da Khamar, duela 3 urte sortu zen, eta aurtengoa Oporrak Bakean programa antolatzen dugun bigarren urtea da. Lehen ere etortzen ziren haur sahararrak Azpeitira, Saharautzen bidez.

Azpeitira zenbat haur etorri ohi dira?

.8 eta 12 urte bitarteko haurrak etorri ohi dira. Joan den urtera arte 9 haur etortzen ziren Azpeitira, baina adina gainditzen dute batzuk orain, eta hori dela-eta gutxiago etorriko dira aurten, 5 edo. Oraindik epea irekita dago, ordea, oraindik ere nahi duenak eskaera egin dezake.

Esan beharra dago, behin etortzen denak 5 urtetan errepikatzen duela herria eta familia, normalean.

Momentuan zenbat eskari jaso dituzue?

Oraindik epea zabalik dago, lehen esan bezala. Errepikatu dezaketen guztiak datoz aurten eta eskari berriak ere jaso ditugu. Zalantzan dagoenak erabakitzeko epea gainean du.

Zer esango zenioke zalantzan dagoen familia horri?

Ume batek etxe batera poza ekarri ohi du beti. Guretzat bi hilabete gutxi dira, baina haur horiei alde handia egiten die hemengo egonaldiak. Jakinekoa da 2 hilabetean elikadura orekatua emanez gero, bizi-kalitatea asko hobetzen zaiela haurrei.

Ume bat jasotzeak bi gauza eskatzen ditu: 2 hilabetean bere kargu egitea eta mediku ikuskaketa sakon bat egitea. Han ez baitute horretarako aukerarik.

Gainera, udan, basamortua infernu bat da. 55 eta 60 gradu arteko tenperaturak izaten dira eta bizi-baldintzak lehen gogorrak baldin badira, are gogorrago bilakatzen dira. Hori dela-eta, umeek beharrezkoa dute handik irtetea.

Umea hartzen dutenek garbi izan behar dituzte hainbat kontu: Alde batetik, harrera familiak direla. Hau da, bi hilabeterako etortzen dira haurrak eta hemen denbora gehiago gelditzeko baldintza bakarra gaixotasunen bat izan eta tratamendua behar izatea da. Eta bestetik, harrera familia soilak izango direla, hau da, ezin izango dute adopzio tramiterik egin. Izan ere, ume horiek zoriontsu dira bizi diren lekuan; Familia bat dute, etxe bat dute... gauza materialak soilik falta dituzte.