Eneko Etxeberria: "'Egunkaria'-ren epaia irmoa izateak ate batzuk irekitzen ditu"

Uztarria.eus 2010ko api. 30a, 18:04

Auzi ekonomikoarekin "lehenbailehen bukatzea" falta dela gogorarazi du ‘Egunkaria’-ko lege arduradunak

Azpeitiar abokatua 2003ko urrian 'Egunkaria'-ren kontrako operazioan atxilotu egin zuten

AVT eta Dignidad y Justicia elkarteek atzo (apirilak 29) eguerdian jakinarazi zuten ez dutela Egunkaria auziko absoluzio epaiaren aurkako helegiterik jarriko. Ondorioz, itxiera kasuko epaia behin betikoa eta irmoa da. Eneko Etxeberria Egunkaria-ko lege arduradunak uztarria.com-i esan dionez, “epaia irmoa izateak ate batzuk irekitzen ditu; auziak eragin dituen kalte-ordainena, esaterako”.

Azken berriak oso positiboak izan direla aitortu duen arren, gustura egoteko zalantzak dituela aipatu du azpeitiar abokatuak: “Azkenean epaiak absoluzioa ekarri duen arren, auzi honetan jendea kartzelaratu egin dute, Egunkaria itxi dute, eta gustura egon behar al dugu?”. Ildo horretatik, eta Egunkaria auzia-n absoluzioa gertatu bada ere, "antzeko ezaugarriak dituzten hainbat eta hainbat sumario" badirela gogoratu du.

Auzi ekonomikoa oraindik zabalik

Nahiz eta auzi batean absoluzioa lortu den, Egunkaria kasuan bada beste auzi bat oraindik zabalik dagoena: auzi ekonomikoa. Zortzi lagun daude auzipetuta hor, eta Dignidad y Justiciak atzo jakinarazi zuen haien kontra “borrokan” segituko dutela. Eneko Etxeberria auzi horretan "itxaropentsu" dagoen arren, ez du uste “berehala” konponduko denik: “Auzi ekonomikoak oso luzeak eta konplexuak dira eta denbora beharko du. Guk kasua Espainiako Auzitegi Nazionaletik Donostiakora pasatzeko eskatu izan dugu, eta hori da Fiskaltzak ere esaten duena. Dena den, hori epaileak erabakiko du”.

Horrez gain, Gipuzkoako Foru Ogasunaren txostena ere eskuartean dutela aipatu du Etxeberriak: “Txosten horren arabera, ziurtatuta dago Egunkaria-k ez ziola Ogasunari iruzurrik egin”.

Auzi ekonomikoari buruz, "guztia lehenbailehen bukatzea" desio duela esan du abokatuak: “Urteak dira auzia abiatu zutela —zazpi urte—, eta jendeak bere etxeak, kontu korronteak, autoak… enbargatuta izaten jarraitzen du. Seme-alabak dituzten jendea dago egoera horretan eta amesgaizto honek lehenbailehen amaitu behar du, honek guztiak inongo funtsik ez duelako”.

Guardia Zibilak 2003ko urrian egin zuen auzi horretako operazioa, eta Etxeberria bera izan zen atxilotuetako bat; auzitegian atzeman zuten, baina. Mikel Azkune azpeitiarra ere atxilotu zuten. Biak ez epaitzea erabaki zuen auzitegiak gero.

Hamabi azpeitiar langile

Egunkaria itxi zutenean, hamabi azpeitiar ziren hango langileak: Leire Aramendi, Jon Aranburu, Iban Arregi, Mikel Arregi, Mikel Azkune, Estitxu Elduaien, Oihana Elduaien, Enekoitz Esnaola, Eneko Etxeberria, Asier Legarda-Ereño, Xebaxtian Lizaso eta Kike Zurutuza.

Ikusi Egunkaria-ko azpeitiar langile ohiek uztarria.com-en daukaten atala