Euskararen erabilera areagotzeko akordioa sinatu dute udalek eta Kutxak

Urola Kostako Hitza 2010ko api. 30a, 12:04
Julian Eizmendi Azpeitiko alkatea hitzarmena sinatzen atzo eguerdian Enparan Dorretxean. (Urola Kostako Hitza)

Urola Kostako hamar alkatek sinatu zuten atzo hitzarmena aurrezki erakundearekin Azpeitiko Enparan Dorretxean

Aia, Aizarnazabal, Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa eta Zumaiak sinatu dute hitzarmena

Urola Kosta eskualdean ere gauzatu da Gipuzkoa Donostia Kutxak orain hiru urte martxan jarritako euskararen erabilera areagotzeko ekimena. Hau da, atzo Urola Kostako hamar alkatek - Errezil eta Bidegoian laster gehituko dira ekimenera- hitzarmena sinatu zuten Kutxarekin, Azpeitiko Enparan Dorretxean egindako ekitaldian. Kutxak abian duen ekimenaren asmoa, erakundeen arteko elkarlanean eta herritarrekiko harremanetan euskararen erabilera sustatzea da. 2007an jarri zuen martxan ekimena Buruntzaldean eta 2008an Debagoienara zabaldu zuen. Kutxaren helburua, ekimena Gipuzkoako eskualde guztietara zabaltzea da.

Kutxarekin euskara sustatzeko akordioa sinatu duten udalak Aia, Aizarnazabal, Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa eta Zumaia izan dira.

"Euskara sustatzeko egitasmo honen baitan inportanteena erakundeen artean hartutako konpromisoa da. Euskararen alde gaudela esateko garaiak pasatu dira, gaur egungo erronkarik nagusiena euskararekiko konpromisoa nola gauzatu da", esan zuen Kutxako giza baliabidetako arduradun Carlos Ruizek. Euskararen erabilera sustatzeko martxan duten egitasmoaren funtsa "elkarlana" dela adierazi zuen. "Bernard Etxeparek esandako Euskara jalgi adi mundura esanari, guk eransten diogu, jalgi adi lan mundura, jalgi adi administraziora, azken batean elkarren arteko harremanetara. Euskaraz ere kalitatezko zerbitzu on bat eman behar baitugu", esan zuen.

Julian Eizmendi Azpeitiko alkatearen esanetan, hitzarmena "euskararen normalizazioaren bidean urrats inportantea da". Kutxarekin sinatu duten hitzarmena, bai udalen eta erakundearen arteko harremanetan, bai Kutxak eskualdean dituen bulegoetan, euskararen erabilera bultzatzeko eta sustatzeko izango dela nabarmendu zuen Eizmendik.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2007an sinatu zuen Kutxarekin hitzarmena, eta ekimena "emaitza onak" ematen ari dela esan zuen Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskarako zuzendari nagusi Estitxu Alkortak. Baina, Eusko Jaurlaritzarekin duten elkarlanean "gero eta laino beltz gehiago" ikusten dutela ere azaldu zuen Aldundiko ordezkariak, "eta garbi daukagu Eusko Jaurlaritzak izan behar duela herri erakundeon hizkuntza politikan aitzindaria".