Pako Aristirekin solasean Udal Euskaltegian

Uztarria.eus 2010ko api. 28a, 19:04

Bihar ariko da han, 15:15ean hasita

Euskaltegiaren 25. urteurrena dela-eta antolatu dute hitzaldia, eta nahi duen orok izango du bertan izateko aukera

Pako Aristi idazle, kazetari eta musikaria Azpeitiko Udal Euskaltegian izango da bihar, apirilak 29, hitzaldi-solasaldi batean parte hartzeko.

Udal Euskaltegiak 25 urte betetzen ditu ikasturte honetan eta, hori dela eta, joan den udazkenetik hainbat ekintza ari da antolatzen, urteurren hori ospatzeko. Aristiren bisitaldia ere egitarau horren barruan kokatu behar da. Urrestillakoa 15:15etik aurrera ariko da euskaltegian, bertako ikasleekin zein bertaratu nahi duen herritar ororekin berriketan; izan ere, biharko ekitaldia irekia da, ez euskaltegiko ikasleentzat bakarrik.

Datozen hitzorduak

Euskaltegitik aurreratu dutenez, 25. urteurrenaren ospakizunen barruko hurrengo hitzordua maiatzaren 7an izango da, Piano bat bertsotan ikuskizunarekin. Ekainaren 19an bukatuko dituzte ospakizunak, gaur egungo eta garai bateko ikasle eta irakasleak elkartuko dituen bazkari batekin.