Aitor Zulaika: "Geure burua da etsairik handiena horrelako momentuetan"

Uztarria.eus 2010ko api. 28a, 13:04
Lagun Onak eta La Nuciako jokalariak Garmendipen jokatu zuten partidan. (Urola Kostako Hitza)

Lagun Onak taldea azken laugarren postuan dago denboraldia bukatzeko bi partida falta direnean

Aste bukaera honetan, Agurainen jokatuko du Salvatierraren aurka eta hemendik bi astera, etxean, Zallaren aurka izango du neurketa

Lagun Onak taldea jaitsi ala ez dabil liga amaitzeko bi partida falta direnean. Sailkapeneko azken laugarren postuan dago, jaitsierako postuan dagoen Aretxabaletarekin berdinduta (39 puntu).

Hil ala biziko bi partida gelditzen zaizkio Lagun Onak-i. Lehena, asteburu honetan, azkenengo postuan dagoen Salvatierraren aurka, kanpoan. Bigarrena, berriz, hemendik bi astera, etxean, Zallaren aurka.

Joan den urtean, Espainiako Bigarren B Mailara igotzeko fasea jokatu zuten Aitor Zulaikaren mutilek, ligako azken partidan Portugaleteri 0-2 irabazi ondoren. Igoera fasean, ordea, ez zuten zorterik izan. Lehenengo Gimnastica Torrelavega izan zuten aurkari. Joanekoan galdu egin zuten azpeitiarrek 1-0. Itzulerako partidan 4-3 irabazi zuten, baina ez zen nahikoa izan. Hori dela eta, ezin izan zuten zuzenean Bigarren B Mailara igo.

Igotzeko bigarren aukera bat ere izan zuten La Nuciaren aurka. Han, husna egin zuten azpeitiarrek. Aldiz, Azpeitian, bueltako norgehiagokan, bana egin zuten eta, ondorioz, talde azpeitiarrak ezin izan zuen aurrera jarraitu.

Azken urteetan Aitor Zulaikak entrenatu du Lagun Onakek Hirugarren Mailan duen taldea. Lagun Onak-ek bizi duen egoeraz hitz egiteko aukera izan du Uztarria.com-ek Zulaikarekin.

Nola ikusten duzu mailari eusteko aukera?

Zaila izango da, baina lortuko dugulakoan nago. Konbentzituta nago lortuko dugula.

Une zailak dira. Nola zaudete animoz?

Azken asteak gogorrak izan dira, partidak galdu eta hartutako kolpeen ondorioz. Burumakur ibili gara, baina joan den asteko norgehiagokan burua altxatzea lortu genuen. Barrukoa ateratzea lortu genuen, izaera erakustea sartu zizkiguten golek emandako kolpeen aurrean. Eta horrek, datorren larunbateko partidarako indarra eman digu. Oso positiboa da galtzen ari arren, indarra izatea.

Zer aurreikuspen egiten duzu datozen partidei begira?

Momentu honetan, denok gara denontzat aurkari zailak. Geure burua da etsairik handiena horrelako momentuetan. Buruak lan handia egiten du eta hau gainditzea da zailena.

Lehengo urtean jendez gainezka egoten zen Garmendipe. Orain ez da hainbeste jende egoten.

Hori leku guztietan gertatzen da. Taldea ondo dihoanean jende asko joaten da animatzera. Baina betiko jarraitzaileak hor izaten dira partida den aldiro, nahiz eta egoera zaila bizi taldeak. Jendea etortzea oso pozgarria izango litzateke, bai etxean gelditzen zaigun partidara, baita Agurainera ere.

Txarrenean jarrita, zer eragin izango luke jaitsierak?

Ez da horretaz pentsatzeko eta hitz egiteko momentua.