Azpeitiko Udala txakurren araudia betearazten hasiko da datorren hilean

Urola Kostako Hitza 2010ko api. 26a, 12:04

Txakurren kakak direla-eta herritarrengandik kexa ugari jaso dituzte udalean

Txakur kakak ez jasotzea arau-hauste arina da, aldiz, txakurra lotuta ez eramatea arau-hauste larria da eta isuna 300 eta 1.500 euro artekoa da

Azkoitiko eta Azpeitiko udalak elkarlanean ari dira bi herrietan txakurren inguruko araudiari dagokionean. Hori hala, bi udaletako arduradunek azaldu dutenez, maiatzaren lehen egunetik txakurren inguruko araudia "zorrotz" betearaziko dute.

Azken boladan, txakurren jabeek animalien kakak jasotzen ez dituztela-eta kexa ugari jaso dituzte Azpeitiko eta Azkoitiko udaletan. Hori dela eta, herriko kaleak eta berdeguneak txukun mantentzeko asmoz, txakurren inguruko araudia martxan jartzea eta betearaztea erabaki dute.

Azpeitiko kasuan, batik bat Zelai Luzen, Enparan Dorretxearen atzean, Loiolan, German Alberdi pasealekuan edota Perez Arregi plazan txakur kaka asko jaso gabe geratzen direla salatu dute herritarrek udaletxean.

Herritarrengandik jasotako kexak direla eta, txakur-jabeek kontzientzia har dezaten beste ahalegin bat egin nahi dute bi udalek, eta 2006tik indarrean dagoen Abereak Eduki eta Babesteko Udal Agintaraua "zorrotz" betearazten hasiko direla azaldu dute.

300 eurotik gorako isunak

Bi herrietako udaltzainak arduratuko dira araudia betearazten. Hau da, txakurjabeei txakur-kakak jasoarazi dute, baita animaliak lotuta eramanaraziko ere. Udalek azaldu dutenez, txakur kakak jasotzeko poltsa bereziak bi herrietako udaltzaingoetan eskuratu daitezke, doan. Kakak poltsan jaso ondoren, bereziki horretarako jarritako edukiontzietan bota beharko dituzte.

Araudiaren arabera, txakur kakak ez jasotzea arau-hauste arina da, eta isuna 600 euro artekoa izan daiteke. Txakurra lotuta ez eramatea, berriz, arau-hauste larria da eta, kasu horretan, isuna 300 euro eta 1.500 euro artekoa da.