Pasaiako gertaera argitzeko eskatuz elkarretaratzea egin dute

Uztarria.eus 2010ko api. 17a, 15:04
Gaurko elkarretaratzea. (Urola Kostako Hitza)

Martxoaren 27an manifestazioa egitea eragotzi zuen Ertzaintzak, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz

Hautetsi independentisten, EAren eta Aralarren aldeko botoei esker mozioa onartu zuten martxoaren 30ean

Pasaiako gertaera argitzeko eskatzeko Azpeitian manifestazioa egitekoak ziren martxoaren 27an, baina Espainiako Auzitegi Nazionalak debekatu egin zuen ekimena eta Ertzaintzak eragotzi. Protesta gisa udaletxean mozioa aurkeztu zuen Pasaiako Sarraskia Argitu taldeak, eta horren ondorioz gaur (larunbata) eguerdian elkarretaratzea egin dute plazan.

Martxoaren 30ean egin zuten mozioaren bozketa, eta hautetsi independentisten, EAren eta Aralarren aldeko botoei esker onartu zuten. EAJ abstenitu egin zen.

Espainiako Poliziak 1984ko martxoaren 22an Pasaiako badian Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituen: Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Izura Pelu iruñearrak. Kasuak Justizian argitu gabe segitzen du.