Bihar aurkeztuko dute herriaren historia biltzen duen ipuin bilduma

Urola Kostako Hitza 2010ko api. 16a, 12:04

Umeentzako ipuinak jaso dituzte urteurrenaren aitzakian

Arratsaldean haurrentzako festa izango da eta bertan buruhandiak, tailerrak eta txokolate jana izango da

Herri-gutunaren 700. urteurrenaren aitzakian, Udalak Azpeitiko historia gerturatu nahi die herritarrei eta urte honetarako antolatutako ekimenen artean, bihar, hiribilduaren 700 urteko historia biltzen duten ipuin bilduma aurkeztuko dute udaletxean, Azpeitiko kontuak eta komeriak.

Haurrei zuzendutako ipuin bilduma da aurkeztuko dutena, eta Olatz Aguadok, Alaitz Olaizolak, Markel Mendizabalek eta Eregi Euskara eta Komunikazioa enpresak elkarlaneak ekoiztutako lana da. Bilduma zortzi liburuz osatua dago eta euskara hutsean argitaratuko da. Liburuxkak kaxa batean jasota etorriko dira. Lanak 1.000 aleko tirada izango duela jakinarazi dute.

Bihar udaletxeko arkupetan jarriko dira salgai liburuak, 10 eurotan. Astelehenetik aurrera, Iratzar eta Belaetxe liburu dendetan eskuratu ahal izango dira 12 euroren truke.

Arratsaldean, haurren festa

Ipuinak eta bertako pertsonaiak haurrei aurkezteko asmoz, Udalak haurrentzako festa antolatu du bihar arratsalderako. Plazan, 18:00etatik aurrera, buruhandiak ezagutzeko aukera izango dute txikiek eta, gustuko dituztenek, haiekin argazkiak atera ahal izango dituzte.

Horretaz gain, ludoteketako begiraleen laguntzarekin, maskara tailerra egingo dute. Azkenik, Udal Kultur Sailak txokolatada eskainiko du.