'Egunkaria' absolbitua

Berria.info | Komunikabideak
2010ko api. 12a, 13:04

Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga ‘Egunkaria’-ko itxiera kasuko auzipetuak zigorrik gabe utzi ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak, frogarik ez dagoela argudiatuta

Guardia Zibilak itxi zuen euskarazko egunkaria, 2003an; Dignidad y Justicia eta AVT herri akusazioek 12 eta 14 urte arteko kartzela zigorrak auzipetuentzat

Azken albistea (apirilak 13, 10:30). 'Egunkaria'-ko azpeitiar langile ohien erreakzioak 'Urola Kostako Hitza'-n

Espainiako Auzitegi Nazionalak absolbitu egin ditu Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga Egunkaria-ko itxiera kasuko bost auzipetuak, euren kontrako frogarik ez dagoela ebatzita. Absolbitu egin du, beraz, Egunkaria. Gaur (apirilak 12) atera du epaia, 12:50 aldera (hemen sententzia).

Dignidad y Justicia eta AVT herri akusazioek kartzela zigor eskaerak egin zituzten haien aurka, bostek ETArekin harremana izan zutelakoan, baina Javier Gomez Bermudez, Ramon Saez Valcarcel eta Manuela Fernandezek osatutako epaimahaiak ez du bost auzipetuen aurkako ezer ikusi.

Epaiak dio bost auzipetuek ez zutela deliturik egin eta ez zutela harremanik izan ETArekin. Egunkaria ixteko erabakia Espainiako Konstituzioaren aurkakoa dela esaten du epaiak eta, adierazpen askatasun eskubidea kontuan hartu, kazeta itxi aurretik beste aukera batzuk bazeudela. Epaiaren arabera, salbuespen egoerarik egon ezean Konstituzioak ez du ahalbidetzen hedabideak ixtea, "delikuentzia terrorista" kasuetan ezin da halako neurririk hartu.

Hedabideak ez dira, epaileen ustez, "beste edozein enpresa", "gizarte demokratikoan oinarrizkoak eta ezinbestekoak diren eskubideak gauzatzeko tresna direlako".

Euskarazko kazeta hark, epaiaren arabera, "ez zuen mehatxurik egiten, ez zuen delitua probokatzen, ez zuen ekintza terroristen apologia egiten edo ez zituen goresten, ez zuen kalumniarik egiten".

Itxierarekin adierazpen askatasunaren eskubidea urratu zela dio Auzitegi Nazionaleko epaiak. Gainera, "pluralismoaren perspektibatik", Egunkaria euskaraz argitaratu izana ere kontuan hartu behar dela esaten du.

Dignidad y Justicia eta AVT herri akusazioek kartzela zigor eskaerak egin zituzten auzipetuen aurka, bostek ETArekin harremana izan zutelakoan, baina epaimahaiak ez du bost auzipetuen aurkako ezer ikusi. Auzitegiak ebatzi duenez, akusazioek ez zuten "froga zehatzik" eta "susmoen gainean" egin zuten akusazioa. "Euskara eta euskal kulturarekin zerikusia duen oro ETAk sustatzen eta kontrolatzen duela diote (herri akusazioek eta Guardia Zibilak), baina datuen balorazio okerra egitea da hori. Akusazioa ahula da eta oinarririk gabea". Egunkaria-k ez du harremanik ETArekin, dio sententziak; bestelakorik esatea, "espekulazio hutsa da".

Auzipetuek atxiloaldian inkomunikazio garaian tortura eta tratu txarrak jaso izana salatu zutela dio Auzitegi Nazionaleko sententziak —"epaiketan detaileekin kontatu zuten"—, baina epaimahaiak adierazi du ezin duela halakorik gertatu zela "juridikoki" esan. Dena dela, atxilotuen "inkomunikazioan nahikoa kontrol judizialik ez zen egon", dio. Guardia Zibilak atzeman zituen.

Gaurko epaiak, ordea, ez du Egunkaria auzia bukatutzat eman. Batetik, Dignidad y Justicia eta AVTk Espainiako Auzitegi Gorenera jotzeko aukera dute, helegitea sartuta. Bestetik, auzi ekonomikoak zabalik segitzen du eta epaiketaren zain daude zortzi auzipetu.

Torrealdai Egunkaria SAko Administrazio Kontseiluko lehendakaria izan zen, Uria Administrazio Kontseiluko kontseilari ordezkaria eta kazetako zuzendaria, Auzmendi Administrazio Kontseiluko idazkaria, Otamendi Egunkaria-ko zuzendaria eta Oleaga zuzendariordea.

Bostek bihar egingo dute epaiari buruzko balorazioa hedabideen aurrean, Andoainen, Martin Ugalde Kultur Parkean, 11:30etik aurrera.

Epaiketa, abenduaren 15etik otsailaren 1era arte

Iazko abenduaren 15ean hasi zen epaiketa eta otsailaren 1ean bukatu zuten. Auzipetuek Egunkaria-ren independentzia eta pluraltasuna aldarrikatu zuten deklarazioetan, eta egitasmoa plurala zela berretsi zuten defentsaren lekukoek. Guardia zibilek ez zuten auzipetuen aurkako frogarik aurkeztu, baina kazeta ETAk sortu zuela zioten.

Jose Luis Alvarez Santacristina Txelis, Jose Mari Dorronsoro, Carmen Gisasola eta Txomin Aizpurua Egunkaria-ren sorrera garaian ETAko buruzagi zirenek azpimarratu zuten erakunde armatuak ez zuela kazetaren sorreran parte hartu. Gainera, auzipetuei atzemandako agirien itzulpenetan akats ugari dagoela erakutsi zuten defentsaren perituek.

Epaiketa amaitu zenean, defentsak eta fiskalak absoluzioa eskatu zuten, auzipetuek deliturik ez zutela egin argudiatuta. Dignidad y Justicia eta AVT herri akusazioek, aldiz, 12 eta 14 urte arteko kartzela zigorrak auzipetuentzat, ETArekin lotura eduki zutelakoan.

2003an itxi zuten ‘Egunkaria’

Guardia Zibilak itxi zuen Egunkaria, 2003ko otsailaren 20an, Del Olmo Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz, kazetak ETArekin harremana zeukala egotzita. Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi, Pello Zubiria, Xabier Oleaga, Xabier Alegria, Fermin Lazkano, Luis Goia (hau 2006an hil zen) eta Inma Gomila atxilotu zituzten.

Otsailaren 22an manifestazio historikoa izan zen Donostian, milaka eta milaka lagun bildu zirelako operazioaren aurka eta Egunkaria-ren alde. Hasiera-hasieratik elkartasun handia izan da.

Azken albistea (apirilak 13, 10:30). 'Egunkaria'-ko azpeitiar langile ohien erreakzioak 'Urola Kostako Hitza'-n

Enekoitz Esnaola: "Agerian gelditu da Egunkaria-ko arduradun eta langileon sinesgarritasuna, inoiz ez gara egon ez ETAren ez beste inoren menpe".

Estitxu Elduaien: "Gustura hartzen dira horrelako albiste onak, baina, korapiloa ere badut, zazpi urte eta kalte ugari behar izan baitira norbaitek guk hasieratik genekiena esateko"

Bidali:  

Erantzunak

IrekiAteak | 2010-04-12 : 14:04

Pozten naiz 5 pertsona hauek ez dutelako espetxera joan beharko.
Gogorarazi nahi dut egunkaria itxi zutela, pertsona hauek torturatuak izan zirela, kalte ekonomiko handia egin zela...eta hori guztia orain nork konponduko du? Absoluzioa ez da poztekoa. Kaltea egina dago eta kalte hori egin dutenak zigorra merezi dute.
Orain zenbaitek epai hau demokrazian bizi garelaren erakusgarri dela esango du. Gaiztoak (egin-ekoak...) kartzelara sartzen dituztela baina zintzoak ez.
Ramon way laster izango dugu bere iritzi artikuluren batekin gauza politak esaten. Baina egunkariak itxi, kazetariak torturatu eta herriko gazteak kontroletan mehatxatzen dituen G.Zibilaren arduradun izaten jarraitzen du. Zakurrak alde hemendik!!
Animo kontrolean mehatxuak jaso dituen gazteari! Alkatea joango al zaio elkartasuna adieraztera? Zergatik ez dute ETBko albisteetan botako? Zergatik ez diote elkarrizketarik egingo? Lehen mailako herritarrak eta zaborra baino gutxiago balio duten herritarral al daude? baietz dirudi!

atsaldez | 2010-04-13 : 21:04

AVT ta Dignidad y justician herri akusaziyuek bai eman aurrea!! Hauek zer diteu XXI. mendeko sheriffek? nik askotan zertako sortu zin galdetzet!! Benetan saltzebena jartze aldebe praktikan eo zenbait kolektibon alarde die?!
ta beste batzuk eiteituben akusaziyuek nun die? 5 deteniuek torturak salau ta, "no ha habido suficiente control"... Horrekin bakarrik geatze alda?! Eman beste astindu bat hurrengo astine, ta kontrolak ahaztu!!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu