Sorosle eta lehen sorospen ikastaro berria antolatu du DYAk

Uztarria.eus 2010ko mar. 30a, 14:03

Apirilaren 12an hasi eta hiru asteko iraupena izango du, DYAk Urola kalean duen egoitzan

Hala nahi duten ikasleek sorosle titulua eskuratzeko aukera izango dute

Gipuzkoako DYAk sorosle eta lehen sorospen ikastaro berria antolatu du Azpeitian. Pazko astearen ondoren, apirilaren 12an hasi eta hilaren 30a arte luzatuko da. Guztira hiru astez emango dituzte eskolak, astelehenetik ostiralera, 19:00etatik 21:00etara.

Ikastaroa DYAk Urola kalean duen egoitzan egingo dute. Nahi duenak har dezake parte, ez da osasun asistentziari lotutako ezagutzarik behar. Bihotz eta biriketako erreanimazioa nola egin behar den, edota zauriei, hezur hausturei, erredurei... nola aurre egin erakutsiko dute ikastaroan. Oinarrizko sorospena lantzeko klase teorikoak eta praktikoak tartekatuko dituzte.

Ikasleek, hala nahi izanez gero, ikastaro amaierako frogak gainditzen badituzte DYAk ematen duen sorosle titulua eskuratzeko aukera ere izango dute. Tituluarekin batera, EHUn ikasten dutenek bi kreditu ere lortuko dituzte.

Ikastaroan izena eman edota azalpen gehiago nahi dituztenek 943464622 telefonora deitu behar dute.