Ramon Etxezarretak Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza utziko du

Berria.info, uztarria.com 2010ko mar. 29a, 18:03

Berak hartu du erabakia, arrazoi pertsonalengatik; "deserosotasuna gero eta handiagoa egiten ari zitzaidan"

Patxi Lopezen gobernuak iazko maiatzean izendatu zuen kargurako

Ramon Etxezarretak (Urrestilla, 1954) aurki utzi egingo du Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza (HPS), Berria-k baieztatu ahal izan duenez. Berak hartu du erabakia, arrazoi pertsonalengatik. "Deseroso" zebilen lanean, berak aitortu duenez. Kultura Sailean dago HPS.

Urtebete ere ez du egin karguan, Patxi Lopezen (PSE-EE) gobernuak 2009ko maiatzaren 12an izendatu baitzuen posturako. Patxi Baztarrikaren (EAJ) lekua hartu zuen Etxezarreta PSE-EEko kideak HPSn (Uztarria herri aldizkariak 2009ko ekainean egindako elkarrizketa eta Berria-koa).

Iturri batzuen arabera, Lourdes Auzmendik hartuko du haren kargua. Euskara Sustapen zuzendaria da egun Auzmendi.

Lehengo astean Igor Calzada Hizkuntza Politikarako sailburuordeak erabaki zuen kargua uztea.

2002tik 2005era beste azpeitiar bat izan zen hizkuntz politikako buru: Patxi Goenaga. (ikusi Uztarriako elkarrizketa eta soslaia).

Etxezarretak lankideei bidalitako gutuna

"Sailburuordetzan gero eta etxekoago sentitzen hasia nintzen, jendea konfiantzazkoago ikusi eta sentitzen. Sailean, aldiz, deserosotasuna gero eta handiagoa egiten ari zitzaidan, edozein azalkeriak gain hartzen zidan. Ezin izan dut. Erreleboa eskatu nuen joan zen astean. Barka, arren, zure expektatibaren bat zapuztu badut edo ezertan mindu edo gutxietsi bazaitut. Eta milaeskerrik bihozkoiena lankide izan zaitudan horri. Agur lankide".

Euskara batzordeburu izana Donostian

Etxezarreta 1995etik 2007ra arte izan zen Donostiako zinegotzi, eta duela bi urtetik hango Udaleko Kultura ordezkaria da. 1994an afiliatu zen PSE-EEn; "Ramon Jauregik hauteskunde autonomikoak galdu eta hurrengo egunean, eta ez irabazi eta hurrengo egunean", zioen Etxezarretak berak Uztarria herri aldizkarian 2002an egindako elkarrizketan. "Egia da pixka bat lehenago manifestu baten babesa azaldu nuela, baina artean pasatzeke nintzen alderdira, ez nintzelako Euskadiko Ezkerrako konbergentziarekin pasatu. Jauregiren politika baskista ikusita afiliatu nintzen alderdi sozialistan, ni bezalako jendearen laguntzaren premia orduantxe zuelako alderdi honek".

Kultura eta Euskara Batzordeko arduraduna izan zen Donostiako Udalean, eta hiriko hizkuntz normalizazioaren politikak abian jarri zituen. Bestetik, Egunkaria-ren itxieraren (2003) kontra idatzi eta manifestazioan parte hartu zuen.

Azpeitian ere izan zen hautetsi: 1979tik 1987ra, EEtik.

Uztarria.com-eko blogaria da.

Etxezarretaren bestelako elkarrizketak-eta hemen