Lehiakortasuna sustatzeko Loiola Berrikuntza Fundazioa sortu dute

Urola Kostako Hitza, uztarria.com | Ekonomia
2010ko mar. 26a, 11:03

Berrikuntzaren bidez lehiakortasuna bultzatzeko indarrak batu dituzte enpresa, hezkuntza eta administrazio arloko eragileek; tartean dira Azpeitikoak

"Urola Erdiko eskualdera lan eta oparotasun garai berri bat ekartzeko bide zuzenean gaudela jakitearen uste osoak bultzatzen gaituzte", esan du Julian Eizmendik

Loiola Berrikuntza Fundazioaren aurkezpena, atzo, Azkoitian. (Urola Kostako Hitza)  Argazki originala

Urola Erdiko eskualdean berrikuntzaren kultura bultzatu eta gidatzeko helburua duen Loiola Berrikuntza Fundazioa aurkeztu zuten, atzo, Azkoitiko Elkargunean. Bi urteko elkarlanaren emaitza da Fundazioa eta Azkoitiko eta Azpeitiko gizarte-eragile aktibo guztien esku-hartzea bilatuko du, enpresa, ikastetxe, udal eta profesionalen artean berrikuntzaren kultura zabaldu asmoz. 



Fundazioaren lehendakari Julian Eizmendik “beharrezkotzat” jo du erakundearen sorrera. “Urola Erdiko eskualdera lan eta oparotasun garai berri bat ekartzeko bide zuzenean gaudela jakitearen uste osoak bultzatzen gaituzte”, adierazi zuen Eizmendik. “Epe ertain eta luzerako ikuspegiarekin lankidetza gauzatzeko sortu da Fundazioa”, gaineratu zuen. 



“Elkarrekin egin beharko dugun lan baten inguruan ardaztuta, etorkizun hurbilean hainbat eta hainbat sektorean berriro erreferentziazko enpresak izateko betebeharra dugu, eta etorkizunean azken hamar urteotako maila sozio-ekonomikoa mantendu eta, ahal bada, altxatzea”, azaldu zuen Azkoitiko alkate eta proiektuaren bultzatzaileetakoa den Asier Aranbarrik. Horretarako, administrazio publikoek enpresei bidea erraztu behar diela aitortu du Azkoitiko alkateak. “Enpresen betebeharra lehiakorrak izatea da, eta erakundeek egin behar ditugu gainontzeko lanak”, gaineratu du.

Prentsaren aurrean agerraldia egin ondoren, proiektuaren bultzatzaileek ekitaldi ofiziala egin zuten, Elkarguneako areto nagusian. Bailarako hainbat gizarte-eragile eta enpresetako ordezkariak bildu ziren bertan, BBK-ko lehendakari Mario Fernandezek eginiko Politika publikoen orientaziorako kolaborazio publiko-pribatua izenburuko hitzaldia entzuteko. 



Bailararen garapena helburu 



Iraurgi Lantzen eta Urola Erdiko Industrialdea baltzu publikoek bultzatuta, babesle-talde bat du Fundazioak, honako enpresa pribatuez osatuta: Antzibar S.A., Biele S.A., Corrugados Azpeitia S.L., Gruupo Glual S.L., Grupo Sarralle S.L., Ibarmia S.L., Juaristi Tsco S.L. eta Sammic S.L.

Gainera, laguntzaile moduan Deustu Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Cidemco Fundazioa, XVIII. Mendeko Ikerketarako Xabier Maria Munibe Nazioarteko Institutua eta Innobasque ariko dira aurrerantzean. 



Loiola Berrikuntza Fundazioak ateak zabalik ditu Babesle-taldeko kide izan nahi duten enpresentzat eta erakundeentzat. “Fundazioko kide izateko bailararekin konpromisoa eta interesa izan behar da”, adierazi zuen atzoko aurkezpen ekitaldianJulian Eizmendik. “Enpresaren erantzukizun soziala bailararen garapen ekonomikora lotzea eta etorkizunerako lan egiteko ahalegina egitea” dira Fundazioko kide izateko baldintzak, Asier Aranbarriren aburuz. 



Sozietatearen egoitza Azkoitiko Insausti jauregian dago gaur egun. “Ilustrazio garaian bezalaxe, ezagutza Euskal Herrira erakartzea da Fundazioaren helburu nagusietako bat, eta horregatik toki sinbolikoa da Insausti”. Uda baino lehen Oinartxo industrialde berrian kokatzea aurreikusten da eta etorkizunean Fundazioaren espazio fisikoa Azpeitiko Larrin poligonoan handitzea espero dute.

Uztarria herri aldizkariaren erreportajea: Iraurgi hiri berrira? (2008ko urtarrila).

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu